Berrogei urte pasa dira Elizatxo Elkarteak ateak zabaldu zituenetik. 1970garren urtean, Oriamendi kooperatibak 72 etxebizitza eraiki zituen auzoan, eta pisua tokatu zitzaien bizilagunek sortu zuten elkartea, 72 bazkiderekin hain zuzen. Astelehenean, 40 urte geroago, urtero egiten duten moduan, oraingo bazkideak bilduko dira (75 dira guztira), bazkari eder baten bueltan, urteurrena ospatzera. Egun berean baita ere, musa, toka eta tute txapelketen sari banaketa egingo dute elkartean.
Izen aldaketa 1977an
Elizatxoko etxebizitzak egin zituzten urte berean, Oriamendi kooperatibak Etxeberri auzoko etxebizitzak egin zituen, eta Elizatxon tokatu ez zitzaien pertsona ugari hara joan ziren. Hala ere, Etxeberriko bizilagun askok partizipazio zati bat Elizatxon zuten, eta alderantziz, Elizatxokoek Etxeberrin. Egoera horren aurrean, batzuek besteei partea saldu zieten (pezeta baten trukean), auzo bakoitzeko bizilagunek lokalak beraien auzoan izan zitzaten. Izena ere orduan aldatu zuten. Ordura arte Oriamendi izena zuenak Elizatxo izena hartu zuen.
Bi futbol talde ere izan ditu elkarteak
Auzoan ume edo gazte asko zegoela ikusita, eta Atsegindegik zuen arrakasta kontuan izanda, elkarteak futbol taldea sortzea erabaki zuen, infantil mailakoa. Elizatxo futbol taldean hasi ziren jokatzen gero izen haundia hartu zuten futbol jokalariak: Luis Perez, Iñaki Zabala eta Jose Manuel Otxotorena. Eta infantil taldea izaten ari zen harrera ona ikusita, 1979an alebin taldea sortu zuten. Elizatxo taldeak futbol zelai propioa zuen eta elkarteak lokal berria erosi zuen, jokalariek aldagelak eta dutxak izan zitzaten.
Futbol taldeak finantziatzeko Realeko bazkide txartel bat zozketatzen zuten urtero, errifen bidez, eta hor ateratako diruarekin erosten zuten taldeek behar zuten materiala: kamisetak, baloiak...
Horrez gain, urtebete beranduago, CD Hernanik Elizatxoko bi taldeak filial bezala hartu zituen. Elizatxotik Hernanira pasa ziren jokalariak talde haundiagoek fitxatu zituzten, eta Elizatxok horren ondorioz ere izan zituen diru sarrerak: Luis Perez eta Iñaki Zabala esaterako Realera joan ziren jokatzera, eta Jose Manuel Otxotorena Real Madrilera.
1990garren urtea izan zen azkenekoa bi taldeentzat; handik aurrera beste auzoetako taldeekin gertatu zen bezala, Elizatxokoa ere desagertu egin baitzen. Futbola desagertzearekin batera, hauen lokala hutsa geratu zen; hura saldutakoan ateratako diruarekin haunditu zuten elkartea.
Beti-Ola txaranga 1980az geroztik auzo elkartean
Gaur egun, Beti-Ola txaranga, elkartearekin erlazionatzen da zuzenean, baina ez zen hala izan hasieratik. Elkartea sortu aurretik existitzen zen txaranga, eta elkarteko parte izatera 1980an pasa zen. Elkarteko bazkide askok zituzten lagunak txarangan, eta elkartean gauzak uzten hasi ziren, tanborrak, kamisetak... eta pixkanaka elkarteko parte izatera pasa ziren.