«Ezin al dira bildu Papelerako jabeak, Gotzaintza eta Udala arazoa konpontzeko?»

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 5a, 02:00

zikuñagako Ama be­rres­kuratzeko Komisioak elkar bil­tzeko deia egin die Papele­rako jabeei, Gotzain­tzari eta Udalari, Kronikara bidalitako prentsa oharrean, Amabirjina non dagoen az­tertu eta berreskuratzeko. Oharraren hasieran azaldu dute, Erik el Belga ezizena duen lapur ezaguna ez dela Zikuñagako Ama lapurtu zuena, nahiz eta lapurreta egin zuten urtean hala esan zen: «1982ko urtarrilean René Van den Berghe lapurra atxilotu zuten Bar­tzelonan, Erik el Belga ezizena zuena. Erik el Belga artelan sakratuen lapurretan inoiz ezagutu den pertsona famatuena izan da. Guardia Zibilaren talde judizialak, Espainiako geografi osoan 600 lapurretatik gora egin izana leporatu zion; horien artean Aralarreko San Migel santutegitik Carolin­gio estiloko 39 esmalete lapurtu izana leporatu zioten. Lapurreta hau 1979ko urriaren 25etik 26rako gauean egin zuen. Garai hartatik aurrera Amabirjina Erik el Belgak lapurtu zuela zabaldu zen herrian, Her­naniko lapurreta Aralarre­koa baino hilabete batzuk lehenago gertatu bai­tzen, 1979ko apirilaren 12tik 13ra bitarteko gauean. Hala ere, poliziak egindako lanari esker, badakigu egun Mar­bellan bizi den gizon honek ez zuela lapurretarik egin Gipuzkoan; bai ordea Za­moran, Palentzian, Valla­doliden, Burgosen, Sorian, Nafarroan, Huescan, Gero­nan, Tarragonan eta Ca­s­tellonen». Hortaz, Zikuñagako Ama­ren Komisioak alde batera uzten du bertsio hau, eta ondorengo galdera luzatu du: «kontuan izanda gaiak prentsan, irra­tian eta interneten (Her­naniko Foro Orokorra) izan duen oihartzuna, Udalak ez al du ezer esatekorik, berak gai ho­netan interesa eduki beharko lukeela jakinda? Kontuz, ez gara Udala gertatzen ari denaren errudun egiten ari, arazoa aspaldikoa da. Ama­birjina de­sa­gertu zenetik, eta kontuan izanda, denbora horretan izan diren korporazioek ez dutela ezer egin, misterioa haundiagotzen joan da, eta inork imajina ezin zezakeen punturaino iritsi da. Ezin al dira bildu Pape­lerako jabeak, Gotzain­tza eta Uda­la arazoa konpontzeko? Egunak pasa arren, bukatu ezina den kontua ematen du».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!