AZKEN urteetan Aranzadi Elkarteak ikerketa eta indusketa mailan, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Estatu mailan egin duen lana azalduko du Iñaki Egaña historialariak etzi Biterin, guztiak Frankismo eta Gerra Zibilarekin lotura zuzena dutenak. Hitzaldian adibide ezberdinak jarriko dituzte bertaratutakoek ikuspegi orokor bat izateko. Hitzaldiaren oinarri izango dira Giza Eskubideen Urraketaren Biktimentzako Nazioareteko Zuzenbidearen hiru hitzak: Egia, Justizia eta Ordaina. Ondoren mahaingurua izango da, EAEko, Espainiako eta Europako gatazkaren inguruan, eta mahaigainean jarriko duten gaietako bat Memoria historikoa izango da.
Hernanin, aurreneko
deshilobiratzeetako bat
Aranzadik 2002an egin zituen aurreneko hiru interbentzioak: Hernanin, Zaldibian eta Arrasaten; eta hau guztia hiru herri hauteako Udalek emandako pausuagatik berpiztu zen. Egañak Kronikari adierazitakoaren arabera, interbentzioak herritarrek eskatuta egiten ditu Aranzadik, hala adostu baitzuten 2003an Eusko Jaurlaritzarekin: «familien eskaeren arabera irekitzen ditugu hilobiak, hauen senitartekoak bilatzeko. Adibidez, Iruñea kanpoaldean dagoen mendian, kartzela bat zegoen lehen, eta 130 hildako lurperatu zituzten bertan. Guk hor lurperatutako 30 familien eskaera genuen. Eskatutako gorputz horiek bilatu eta identifikatu genituen, eta besteak bertan utzi genituen».
Hernani, Zalbibi eta Arrasateren kasua ordea, bestelakoa izan zen. Aurrenekoa izanik, Udalak izan ziren, familien eskaera jaso ondoren, Aranzadira jo zutenak. Hernanin kanpusantuko bi hilobi irekitzea eskatu zion Udalak Aranzadiri. Egañak azaldutakoaren arabera, bat kanpusantuko kriptan dago: «kriptan 13-14 gorpu egotea espero genuen, baina hutsa zegoen. Geroztik, horren inguruko hipotesi asko daude». Beste hilobia hilerri kanpoaldean dagoela dio Egañak, baina hori bere horretan uztea adostu zutela: «bigarren hilobia kanpoaldean dago, eta bertan Frankismo garaiako 190 gorpu daude, baina Udalarekin hala adostuta bere horretan uztea erabaki genuen».
Kanpoan ere aurkitu dituzte hernaniarren gorpuak Aranzadik hernaniarrak ere aurkitu izan ditu herritik kanpora. Burgosen egindako ikerketetako batean esaterako, fusilatutako hernaniarren 16 bat gorpu aurkitu zituzten.