Berogailu berria izango du San Joan Bataiatzaileak laister, aurreko sistema erabat zaharkitua geratu delako. Gasarekin dabilen berogailua jarriko dute, mantentze lanak egiten dituzten garai berdinean. Aurrekontua dezentekoa da, 50.000 euro, eta eliztarren laguntza eskatu dute, aurre egiteko.
Behar haundia
Hainbestean behin, mantentze lanak egiten dira elizan, eta oraingoan, lan horiez gain, instalazio berria jarriko da. Beharra haundia zen, parrokitik Kronikari jakinarazi zaionez. «Gaur egun parrokian daukagun berogailu-sistema, guztiz antiguala, ez dabil batere egoki eta, ondorioz, negu gorrian, hotzak egoten gera aspalditxotik».
Sistema egokiena
Beste eliza batzuetan jarri duten sistema da San Joan Bataiatzailean jarri nahi dena, ikusi delako oso ondo funtzionatzen duela: Aginaga, Aia, Amasa, Belauntza, Eldua, Errenteria, Igeldo, Lasarte, Usurbil eta Zubieta. Gasaren bidezko berogailua da. Plakak pareta barruan sartuta joango dira, eliza eta sakristia guztian banatuta, eta izpi-infragorrien bidez borotuko dute.
Eliztarren laguntza
50.000 euro behar dira instalazio berria jartzeko, eta mantentze lanetarako ematen den kuota ez da nahikoa. Horregatik, eliztarren laguntza beharko dela adierazi dute parrokiatik: «diru-bilketak, dohantzak, bankuan diru-sarrerak... denak beharko dira».