«Orientinga da, fisikoa eta estrategia; oraingoan estrategia atera zaigu ondo»

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 2a, 02:00

entrenatzeko denbora haundirik gabe iritsi zen Rafa Romero hernaniarra Ur­kia­gako gainera (Quinto Real), Espainia­ko Orienting Txapel­ketara. Ra­mon Murua irundarra zuen bikotea, bi egun gogor aurretik, eta helburu bakarra... go­za­tzea. Eta primeran atera. Estrategia jarri bezalaxe atera omen zitzaien (oso gu­txitan gertatzen omen da hori). La­run­batean atera zuten diferentzia, eta igandean eutsi. Azkenean, beteranoetako bi­ga­rren saria. Sasoi-puntu onenean ez, baina maparen gainean inoiz baino zehatzago ibili ziren bi lagunak. Estrategia prestatu... eta bete. «Hori du orientingak; maparen gainean joan behar da, beti non zauden ja­kin behar duzu, gordeta dau­den puntuak bilatu... pro­ba gogorrak dira, fisikoki asko eskatzen dutenak, baina baita taktikoak ere».

‘Rogaine’ proba, zeinek puntu gehiago bildu
 Espainiako Txapelketa aurten Rogaine estiloan jokatu dute. Mapa batean (35 km2) puntuak dituzte markatuta, ba­tzuk besteak baino gehiago balio dute. Bi­ko­te bakoi­tzak ordulaurden dau­ka estrategia prestatzeko. Tar­tean, puntu bat derrigor pa­sa beharrekoa. Hortik au­rrera, ahal dena egin behar, eta 6 ordu pasata, helmuga pun­tura iritsi behar. Be­ran­du­tuz gero, penalizazioa. Helmuga puntuan lo egin zuten 170 partehartzaileek; ba­tzuk herrikoiak eta besteak fe­de­ratuak; tartean Romero eta Mu­rua. Hurrengo egunean, bes­te hainbeste. Mapa bat, pun­tuak, eta oraingoan 5 ordu.

Igandean laino itxia
Larunbatean nahi bezala atera zitzaien ia dena Romero eta Muruari. Sailkapenean bigarren zijoazen, eta igandean alde horri eustera joan ziren. «Igandean aseguratzera joan ginen. Laino itxi-itxia zegoen, eta ezin zen asko arriskatu. Bide eta pistetan den­bora gehiago egin ge­nuen, nahiz puntu gutxiago bildu. Gehiago despistatu gi­nen larunbatean baino, baina eutsi genion aldeari».

Orientingaren klabeak
«Fisikoki oso proba gogorrak izaten dira. Hasieratik bukaerara korrika joaten gara. Egun batean 25 km inguru egin ditzakegu. Dena dela, hori bezain inportantea da margena izatea; ez da ia inoiz ateratzen hasieran planifikatutakoa. Te­rre­noa ez delako uste zenuen be­za­lakoa, galdu egin zarelako». Orientingeko ma­pek ez dute izenik idatzita. Sestra­kurbak (curvas de nivel), eta terreno klasea (baso itxia, zabala, belardia, sasia...) markatzen dituzte. Horren arabera, batetik edo bestetik jo behar du korrikalariak, eta klabea, beti, mapan non zauden jakitea. «Brujula behatz lo­dian eramaten dugu, eta be­hatza maparen gainean, gu gau­den puntuaren gainean. Ko­rrika goazela, behatza mu­gi­tuz joaten gara, iparrera, he­gora, tontorrera, erreka-zulora...».

Preparazio fisikoa, eta taktikoa
 Ondo entrenatu beharra da­go Orientingerako. Rafa Ro­me­rok korrika asko egiten du, baina ez du kirol bakarrera mugatu nahi. Bizikleta, trabesiako eskia eta abiadurako patinak gustuko ditu, eta ondo datorzkio prestatzeko. Bere afizio nagusia, dena dela mendia da. «Mendiaren alde guztiak gustoko ditut, paseatzetik hasi eta korrika egiteraino. Orientinga beste bat da». Entrenamendu taktikoak ere inportanteak dira. «Mapa bat hartzen dugu, eta nik erabakitzen dut nora joango garen; lagunak ez daki; eta abiatu egiten naiz, korrika. Lagunaren lana da, terrenoari begiratuta, mapan non goazen identifikatzea. Proba egunean egiten dugunaren justu alderantzizko ariketa da hori; ondo etortzen da».

2007an irabazi, Euskadiko Txapelketa eta Euskal Liga
Romerok kasualitatez ezagutu zuten Orientinga, orain dela ez urte asko, Irungo Ficoban. Umeentzako jolas gisa jarrita zegoen proba bat, eta haiei lagunduz, gustatu, eta barruraino sartu zitzaion harra. Geroztik asko ikasi duela dio. «Mapa kontua beti gustatu izan zait, Ficoban harra sartu zitzaidan. En­tzia­ra joan nintzen proba bat egitera. Gaur ordubete inguruan egingo nukeena egiteko bi ordutik gora pasa nituen». Baina hori bai, bukatu egin zuen. Geroztik, Eus­ka­diko Txapelketa bat eta Eus­kal Liga bat irabaziak ditu, 2007an, eta aurtengo sariarekin, ederki borobildu du kurrikuluma. Gipuzkoan, Irungo eskola Orientinga probatzeak merezi duela dio Romerok. Nahi due­nak, Irungo Mendizaleak taldera jotzea du onena. «Orientingean konpetitu daiteke, edo lasai-lasai hartu, eta gozatu. Probatzea da».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!