Hernaniko barazki ekologikoak jan nahi dituenak, aukera ezin hobea izan dezake ostegunean, Biterin, horri buruzko informazioa jasotzeko. EHNE sindikatuak egin du deialdia, eta Gipuzkoako herri askotan bezala, Hernanin ere talde bat sortu nahi dute, 20-30 lagunekoa, konpromisoa hartuko duena, astero saski bat erosteko.
Baserritar bat prest dago barazki horiek hazteko, modu ekologikoan, eta Hernanin. EHNE sindikatuaren asmoa da, baserritar hori harremanetan jartzea, interesa izan dezakeen talde batekin, eta sistema honen funtzionamendua zein den azaltzea. Beste produktu batzuk ekoizten dituen baserritarrik bada, interesa duenik, azaltzeko deia egin diote baita ere (arrautzak, ogia, esnea, oilaskoak...).
Famili batek aste osoan jan dezakeen barazki kopurua
Era askotako saskiak egin daitezke, eta hori dena taldeak erabakitzen du baserritarrarekin batera. Normalean, famili osorako saskiak izaten dira, 4 lagunentzako-edo, baina erdia ere erosi daiteke. Saski horretan, behar adina barazki izaten da (garaian garaikoa), famili guztiarentzat. Kontua da, konpromisoa hartzea, saskia astero hartzeko. Funtzionamendua, erraza da. Erabakitzen den lekuan zita egiten da astero. Baserritarrak saskiak ekartzen ditu, eta bakoitzak berea hartu. Ordainketa hilero egiten da, eta kantitate finko bat izaten da, baserritarrarekin adostu beharrekoa (barazkitan 60 euro inguru, hilean).
Alberdik uste du, Hernanin izango dela jendea interesa daukana, horrelako talde bat sortzeko, eta denak animatu ditu, Biterira azaltzeko.
Kalitatezko produktua aseguratua dagoela dio Alberdik, eta baserritarrari merezi duen prezioa ordaintzen zaiola.