Atez Ateko bulegoak egoitza berria du iraila hasieratik. Kardaberaz kaletik Biteri kultur etxera pasa dira, eta bertan Xabat Larrarte eta Eneritz Usabiaga ari dira lanean, herritarren zalantzak argitu, funtzionamendua kudeatu eta Atez Atekoaren bilketa datuak jasotzen. Bulegoa Biterira sartu eta ezkerretara dago, eta astelehenetik ostiralera dago zabalik, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara.
Zalantzak aldatzen joan dira hilabeteek aurrera
egin ahala
Maiatzean Atez atekoa martxan jarri zenetik, ehundaka herritar pasa dira bulegotik, eta denborak aurrera egin ahala, hauen zalantzak aldatzen joan dira. Xabat Larrartek azaldutakoaren arabera, hasierako galderak oso orokorrak ziren: egutegia, ordutegiak, egun bakoitzean zer atera, frakzio bakoitza nola jaitsi eta abar. Egunek aurrera egin ahala, dudak puntualagoak izatera pasa ziren, azpiegiturarekin, zintzilikatzeko zutabeekin eta pegatinekin zerikusi zuzena zuten zalantzak ziren. Hau da, herritarren galderak Atez atekoaren eboluzioarekin bat joan dira.
Hilabeteak pasa ostean, Xabat Larrartek adierazi duenez, jendeak ez ditu hasierako galderak, oinarrizko galderak egiten: «orain egiten dituzten galderak askoz zehatzagoak dira, esaterako, material konkretuak nora bota, disolbatzaile edo pintura ontziekin zer egin eta abar. Azken asteetako duda gehienak horiek izan dira».
Atez atekoaren funtzionamendua kudeatzea
Bulegoan, zalantzak argitzeaz gain, Ateaz Atekoaren funtzionamendua ere kudeatzen dute. Arazoak bideratu edo irtenbidea emateaz arduratzen dira, kasu hauetan esaterako: kuboren bat puskatu bada, puntu bat jasotzea ahaztu bazaie, pegatinaren batekin arazoren bat izan badute, edo zintzilikarioa lekuz aldatu behar bada.
Komertzio arloa ere antolatzen dute. Atez atekoa martxan jarri zenean banan-banan pasa ziren guztietatik, beharrak zein ziren ikusi, eta sistemaren funtzionamendua azaltzeko. Larrartek adierazi duenez, gaur egun, besteak beste, kuboen edo edukiontzi espezifikoen eskaera egiteaz arduratzen dira, eta komertzio aldaketaren bat egon bada, berriarekin, besteekin emandako pausuak ematen dituzte.
600dik gora familiek dute konpostagailua
Bulegoan autokonpostajearen arloaz ere arduratzen dira. Azken datuen arabera, egun 600 familitik gora dira konpostagailua etxean dutenak. Famili hauek ikastaroak jaso dituzte autokonpostajea egiten ikasteko. Batzuek arazoak izan dituztela azaldu du Larrartek, eta kasu batzuetan, nahiz eta gutxi izan, beraien etxeetara joan dira konpostagailua ikustera. Hala ere, famili guztietara bisitak egitea aurreikusita dute, nahiz eta oraindik ez diren hasi.
Garbigunea, olioa eta altzariak
Garbigunearen eraikuntzari dagokionez, San Marko Mankomunitearen esku dagoela adierazi du Larrartek. Bitartean, olioa ostegun arratsaldetan atera behar da, San Markok ferian jartzen duen furgonetara eraman behar da.
Altzariei dagokienez, ateratzeko bi bide daude: Garberako garbigunera eramanda, astelehenetik larunbatera, edo bulegora deitu eta jasotzeko eskatuta; azken honek 12 euroko kostua du. yy