dantza eta kantua ikusgai izango dira, bihar, Leoka labaderoan, gaueko 22:00etatik aurrera. Jabetze Eskolak astera dijoaz, emakumeei zuzendutako ikastaroak, eta ikastaro horien aurkezpen modura egingo dute biharko emanaldia. Hain ezagunak ditugun Ansa ahizpak (Arantxa, Ainhoa, eta Maider) kantuan ariko dira, eta aurretik dantza emanaldia eskainiko dute, Biterin Dantza Garaikideko tailerran ari diren ikasleek. Emanaldia antolatzen dutenak Berdintasun Kontseilua eta Udal Berdintasun Arloa dira, Jabetze Eskolak antolatu dituztenak, hain zuzen ere. Asmoa da, Hernani eta inguruko emakume artisten lana erakustea, lehendik emakumeei hain lotuta egon den leku batean. «Leoka aintzinan emakumeen topaleku izan zen, lan leku eta kontu toki. Bertan, emakumeei eman nahi izan diegu protagonismoa, aurten laugarren urtez».
Hiru nafar, Hernanin
Aranoko Ansa ahizpek txikitatik izan dute euskal kantuetan arakatzeko gogoa. Elkarrekin abestu izan dute, Nafarroako eta Euskal Herriko kantu txapelketetan garaipen asko lortuak dira, eta horrek indarra eman die euskal kantu zahar eta berriak bilatu, eta zabaltzeko. Pianoa eta gitarra lagun hartuta, euskal kantua izango dute oinarri. «Zein atsegina den kantuan egitea. Lagunartean, ospakizunetan, jai giroan, edonola. Euskalduna eta kantaria izatea gauza bera dela entzun izan dugu beti. Saia gaitezen, bada, kantaldi honetan, esandako hori errealitate bihurtzen», diote hiru ahizpek.
Dantza Garaikidea, Biteritik
Txaro Unzillaren zuzendaritzapean 5 dantzari ariko dira bihar Leokan: Itziar Gurmendi, Ana Rodriguez, Miren Gojenola, Esther Abad eta Malen Sesma, Biterin dantza tailerretan ari direnak. Txaro Unzillak horrela definitu du, biharko emanaldia: «Argentinako Tonolec musika taldearen pieza bat oinarri hartuta, binakako irudiak, taldeko jokoak eta mugimendu lirain eta gogorrak bilatuko ditugu».