ARKITEKTURA Lehiaketa EKI izeneko proiektuak irabazi du, eta beraz, zehaztuta dago, etorkizuneko Kultur Gunea nolakoa izango den. Horretarako, 8,5 miloi euro inguru beharko dira, proiektuak zehazten duenez.
Sabai Arkitektoak izeneko enpresak egin du proiektua, eta 18.000 euroko saria jaso du. Beste hiru proiektuk aipamen berezia jaso dute, eta saria, 6.000 eurokoa: Kultur Plataformak, Vacio Urbano, eta Dibujar el Paso del Tiempo proiektuek, hain zuzen ere. Denak, erakusketan daude, Biteri kultur etxean.
Areto Nagusia,
360 lagunentzat,
eta bi zati egin litekeena
Areto Nagusiak 360 eserleku izango ditu, eta bi pisu eta zatitan dago banatuta. 210 lagunentzako butaka gela, eta 150 lagunentzako anfiteatroa izango ditu. Biak bere kasa erabili litezke, hala behar izanez gero. Arte Eszenikoen zati nagusia hori izango da. Horrez gain, izango dira, baita ere: proiekzio kabina, itzulpen kabina, 2 kamerino, dantza sala bat, ensaio sala bat, jantzigela, eta taberna.
Kultur Etxea, 194 m2ko
erakusketa gelarekin
18 gela izango ditu Kultur Etxeak. Bilera eta hitzaldi gelak izango dira gehien, eta horrez gain, erakusketa gela haundi bat ere izango du, 194 m2koa. Argazkilaritza gela, kurtsilo gela, eta tailerretarako 5 gela ere aurreikusten dira, Kultur Etxerako. Administraziorako 3 gela, edo bulego.
Musika Eskolak, 622 m2
Musika Eskolarentzat izango litzatekeen 622 m2-ko lekua ere aurreikusten du proiektuak. 20 gela baino gehiago izango lituzke klaseetarako, eta bulego eta administrazio lanetarako 5 gela. Grabazio kabina bat duen gela izango da haundiena, 105 m2-koa. Perkusio gela, instrumentuentzat 9 gela, solfeorako bi, eta kabina indibidualak, ikasteko. Biblioteka, fonoteka edo bideoteka moduan erabiltzeko areto bat ere izango luke.
Eskilara publikoak, eta
igogailu publikoa Karobieta auzora
Karobieta eta Urbieta kalea lotuko dituen eskilara haundi bat aurreikusten du proiektuak. Nolabait esateko, Kultur Gunea bi zatitan egingo du eskilara horrek, eta Karobieta auzoa, herriarekin lotzeko balioko du. Horrez gain, igogailu bat ere biltzen du proiektuak, helburu berdina daukana.
Eguzki falta, klabea
Ipar aldera ematen du Kultur Gunearen fatxada nagusiak, eta beraz, proiektua egin dutenek eguzkia bilatzeko modu bat asmatu dute. Eskilara publikoak eraikina bi zati egingo du, eta horrekin lortuko dute, hego-aldeko fatxadak argia izatea. Argi hori jasoko du edifizioaren zati batek, eta hor joango dira Kultur Etxea eta Musika Eskola.
Beste zatian, eskilaretan gora goazela ezkerrekoan, Areto Nagusia joango da (argitasunik behar ez duena).
Bi terraza, eta parkina
Bi edifizioen gainaldean terrazak joango dira: bat publikoa, Karobieta auzoarentzat; eta bestea Kultur Etxeko erabiltzaileek erabiliko dutena.
Azpian, 100 lagunentzako parkina egingo dute.