EUSKAL Herriko eskualde ezberdinetatik etorritako albokariek eta Hernanikoek bat egingo dute gaur, Albokarien Hernaniko Topaketan. Aurtengoa topaketaren 17garren edizioa izango da, Hernani Musika Eskolako Albokari taldeak antolatutakoa. Egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte: goizean tailerra izango da, eta eguerdian bazkaria, eta egun osoan zehar alboka doinuak entzuteko aukera izango da herriko kaleetan barrena.
Tailerra Musika Eskolan
Alboka eta panderoa uztartuko dituen tailerra izango da aurtengo topaketako berezitasun nagusia. Alboka eta panderoaren berezitasunak azpimarratuko dituen tailerra izango da, eta Ibon Kontero eta Asier Elorriagak emango dute, goizeko 10:30etan, Musika Eskolan.
Kalejirak egun osan zehar Ondoren, Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik Hernanira etorritako albokariek kale bueltari ekingo diote. Egun osoan zehar izango dira emanaldiak, goizean 12:00etatik aurrera, eta arratsaldean 18:00etan. Tartean, albokariek elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango dute.
«Helburua da albokariak elkar ezagutzea»
Topaketen antolatzaileek azaldu dutenez, topaketen helburua da Euskal Herriko albokari eta alboka ikasleei elkar ezagutzeko aukera ematea: «ikasleek elkar ezagutzen dute, eta alboka munduan ematen diren berrikuntzak eta lantzen ari diren musikak ezagutzen dituzte».