«karitatea eta justizia gauza bana dira. Guri sobratzen zaiguna besteei ematea justizia egitea da. Karitatea... karitatea beste kontu bat da! Karitatea da, guk behar dugunaren zati bat besteei ematea, besteekin banatzea. Pertsona guztiek eskubideak dituzte, ikasteko, jateko, eta minimo horiek betetzeko eskatzen dugu guk laguntza». Modu horretan hasi zuen Angel Olaran hernaniarrak hitzaldia, ostegunean, Sandiusterrin. Olaran Etiopiako Wukro herrian bizi da, eta beren proiektuei laguntzeko eta babesa lortzeko, urtero jardunaldiak antolatzen dituzte Hernanin; horien barruan, osteguneko hitzaldia. Igandean, Agustinetan meza emango du 09:00etan, eta Bazkari Solidarioa ere igandean egingo dute, Txantxangorrin. Olaranek leku askotan lortu du babesa, Wukroko proiektuetarako, eta eskerrik beroenak eman zizkien atzo, modu batera edo bestera laguntzen duten guztiei. Diru horrekin guztiarekin zer ari diren egiten azaldu zuen hernaniarrak Sandiusterrin, eta gerora zein asmo dituzten.
Eskola bat martxan,
eta beste bi, bidean
Apaiz zurien kongregaziokoa da Olaran, eta orain dela 15 urte joan zen Wukrora, Etiopiara, bigarren hezkuntzako eskola bat sortzera. 45 ikaslerekin hasi zuten eskola, eta dagoeneko gazte pila bat pasa dira. Beste bi eskola ere ireki nahi dituzte Wukroko inguruetan, nekazarien seme-alabek aukera izan dezaten ikasteko, «40 km baino urrutiago bizi direnak ezin baitira bestela eskolara etorri».
«Gero eta neska gehiago ari dira ikasten»
Ikasteak berebiziko garrantzia dauka baldintza kaxkarrenetan bizi diren gazteentzat. Olaranek aipatu zuen, gero eta neska gehiago ari direla eskolatik pasatzen. «Gaur egun erdiak neskak dira; hasi ginenean, 45 ikasletik 5 ziren neskak». «Neskak beraiek dira eskolara etorri nahi dutenak; garrantzia izugarria du, beraien etorkizunerako, eta Wukroko etorkizunerako. Bestela, ez dute independentziarik, gizonei edo senarrei lotuak bizi dira. Ikasten duten askok bere bidea hartzen dute. Separazioak ezagutu ditugu; senarrei aurre egiten ikasi dute, argumentuak dituzte, ziurtasuna dute euren buruengan, eta ez dute menpekotasun ekonomikorik».
Erlauntza Proiektua,
ikasleei eskolak ordaintzeko
Eztia egiten hasi dira orain dela urtebetetik Wukron. Olaranek jarri du martxan proiektua. Eztia egiten dute, eta munduko merkatuetan saldu. Ondo ari dira eztia saltzen, itxuraz oso ezti-leku ona delako. Diru hori eskoletan inbertitzen dute. Ez da «dirudunentzako eskola bat; ikasleek ordaintzen dutenarekin ezingo genieke soldata ordaindu 2 irakasleri ere. Beraz, guk ordaintzen diegu». Lagundu nahi duenak, erlauntzak erosteko ematen du dirua. Erlauntza batek 150 euro balio ditu, eta erlauntza osoa edo erdia erosi liteke. Helduei eta umeei arreta Misiolari hernaniarra Wukrora iritsi zenean, konturatu zen, oinarri oinarrizko beharrak bazirela Wukron, eta haiei erremedio bat eman behar ziela. Horregatik sortu zuen Jangela Solidarioa, egunean 500 umeri jatena emateko sortua. Gaur egun, aiton-amonei osasun laguntza ematen ari dira: «goseak bizi dira aiton-amon asko, higiene arazoak dituzte, osasun arazo oinarrizkoak. Garbitu egiten ditugu, jaten ematen diegu... hasieran oso zail egin zitzaigun; orain beraiek etortzen dira gugana, eta denbora gutxian alde haundia egiten dute».
Baratzetarako ura,
12 hilabetez
Pertsonekin lan egiteaz gain, naturarekin ere ari da, Olaranen kongregazioa. Basorik gabe geratutako lurrak berritzen ari dira; euri urak bildu eta urte guztian erabiltzeko modua egiten ari dira... «Dagoeneko 4 mendi magal reforestatu ditugu. Basoa bota egin zuten, eta geroztik ahuntzek eta gizakiek ez diote berritzen uzten. Guk zaindari bat jartzen dugu, eta 5 urtean basoa berritu egiten da. Izugarria da naturaren indarra, baina lagundu egin behar zaio».