«Nere lanik haundiena egiten ari naiz»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 25a, 02:00

Lau muralek dekoratuko dute Santurtziko Dorretxea, datorren urtetik aurrera. Victor Goikoetxea artistak egingo ditu lauak, bi pisuko etxe baten pareta guztiak, eta baita sapaia ere. Mural nagusia, 9 metrokoa, arrantzaleen omenez egindakoa da, eta bukatua dauka; bigarrenak baserria du gai nagusia; hirugarrena meatzariei buruzkoa da; eta laugarrena, beste hiru gaien arteko nahasketa. Guztira, 100 m2-ko obra da, 2 urte luzeko lana, azken ukituak falta dituena.

Berrogeita hamar urte atzera egingo ditu laster, Santurtziko Dorretxean sar­tzen den edozeinek. «Arran­tza, meatzaritza eta baserria Santurtziko zutabe ekonomikoak ziren garaira. Garai hartako Santurtzi altxa zuten langileei egin nahi izan diet omenaldia, eta horregatik oinarritu naiz hiru zutabe horietan».
Victor Goikoetxeari San­tur­tzi­ko Udaletik deitu zioten zuzenean, eta egin beharreko lana zein zen azaldu. Eza­gutzen zuten Goikoetxearen lana, eta proiektu haundi hori beregain hartzeko eskatu zioten. «Aurkeztu nien proiektua izugarri gustatu zitzaien».

Hiru mural eman zizkioten hasieran, eta orain, laugarrena egiteko eskatu diote, sapaia berritzeko lana ere eman diote. Bi urteko lana da, eta bi zati nagusi dituela dio Hernanin bizi den artista urretxuarrak. Bat, inbestigazio lana, eta bi, esku-lana.
 
Inbestigatzen, zortzi hilabete
«Arte lan bat egin behar duenak lehenengo ezagutu egin behar du gaia. Nik orain dela 50 urteko Santurtzi irudikatu nahi nuen. Baserri mundua ezaguna nuen, baina arrantza mundua, eta batez ere mea­tzaritza mundua oso arrotzak zi­tzaizkidan». Garai hartako jendearekin asko hitz egin, historialariei galdetu, liburutegira buelta asko egin, eta azkenean ideia borobildu zuen Goikoe­txeak. Lana erabakia zegoen: arrantza, mea­tzaritza eta baserria.

Santurtziko lonja zaharra, mural nagusian
9 metroko murala izango du aurrez aurre, Santurtziko Do­rretxera sartzen denak; arran­tzaleen omenezkoa da. Lonja zaharra ageri da: antxoa eta sardina ontzi haundietan ma­ri­natzen, saltzen. Ema­ku­meak arrantza-sareak josten, arrain saltzaileak arrantzaleen zain, azken bela-ontziak kaiara bidean, eta aurreneko baporeak, garai berrien iragarle.

Muralaren ingurua barku zaharren egurrekin dekoratuko du Goikoetxeak, eta egur horiek tratatu egin ditu, zahartu, ukitu, pintatu... nahi duen garai edo giroan sartzeko. Arrantza sareak, saskiak, eta kor­txerak ere ez ditu ahaztu, kontestu oso batean gera dadin, arte lana.

Santurtziko azken baserriak
Baserriaren omenezkoan egurrak garrantzia hartzen du. Baserri baten pareta nagusia izan liteke lasai asko. Goian egurra eta behean murala. Egurrak Mendaro eta Itziar bitarteko erakin zahar batetik lortu ditu pintoreak. «Baserria egurra da, batez ere. Hori oso garbi neukan. Denbora, lana... dena esaten du egur horrek. Kare-hondarrak dauzka, lehen hala desinfektatzen zirelako baserriak, eguzkilore haundi bat jarriko diot, arima gaiztoak uxatzeko erabiltzen zutena, eta ondorengo gurutze txikiak ere bai, kristautasunaren eragina adierazi nahian. Balendin Enbeitaren bertso zati bat daramaki alde batean, baserriko sukaldeari kantatua: «txirua dozu izakeria, alan be urrezko bizitza; ez-eukiaren laguna zara, baña zoriz aberatsa».

Egurraren gainean, argazki bat inprimatuko dio, ganbara zahar batekoa. Teknika berria erabiliko du horretarako, «zailtasun bat dauka, lehenengoan ondo atera behar duela». Mural horren beheko aldean baserri baten irudia dijoa, figuratiboa, oleoz egina, Goi­koetxeak hain ondo domina­tzen duen moduan: «San­tur­tzi­ko baserri bat pintatu dut, zu­tik geratzen diren azkenetakoa. Lehen asko ziren baserriak inguru horretan, baina gaur egun hiruzpalau geratuko dira zutik».

Zugastietako meatzeak; burniaren indarra
Duela 50 urteko Santurtzi pintatu behar, eta nola ez, La Arboleda edo Zugastietako mea­tzariek bere lekua behar zuten Goikoetxearen lanean. Muralik gogorrena bera da. Abstrakzioak hartzen du indarra, batez ere, baina badu figuratibotik ere. Dena da pintura bat, eta materialak kutsatzen du guztia: burnia batez ere, baina baita, zinka edo bestelako mineralak ere. «Santurtziko meatzeetan mendia jan egiten zen. Aintzinako bidaiariek bur­nizko mendia deitu zioten Zugastietari, eta meatzeak ha­si zirenean ikusi zen hala zela, burnizko barrenak zi­tuela mendiak. Nik meatze horietako pareta bat irudikatu dut, eta horren barruan sartu ditut, meatzari bat, burnia ateratzeko makina, eta garai hartako meatzeen izenak. Mural gogorra da, lan hura ere hala zelako, kaosa, nekea...».

2011n ikusteko moduan
Bi urteko lana bukatzen ari da Goikoetxea. Laster, San­tur­tzira eraman eta monta­tzen hasiko da, eta 2011n ikusteko moduan izatea nahiko luke. Dagoeneko ikusmin haundia sortu du obra honek, Victor Goikoetxearen orain arteko lanik haundienak.

«Zenbat eta gehiago ezagutu, konturatzen zara, zenbat daukazun jakiteko»

Pintura figuratibo munduan oso ezaguna da Goi­koe­­txea. Azken urteetan Chi­ca­go eta Versallesen erakusketak jarri ditu, mundu mailan entzutetsuak diren beste pintorekin batera, eta horrez gain, ezagun egin diren pinturak egin ditu Donostiako Aqua­riu­m­ean, Gasteizko Cam­­pu­seko Li­burutegi Nagusian, edo Bar­tze­lonako l’Eixample eraikin Modernistako fatxadan.
Hernanin ere ikusi daitezke Victor Goikoetxearen lanak: Uda­letxeko sarrerako paretak be­rak margotuak dira, eta bai­ta Zinkoeneako kioskoa, edo Riojanos tabernako pareta bat ere. AMR Refractarios enpresarako ere murala egina du.

Etxeko pintore izandakoa
Victor Goikoetxea pintura munduan ibili da bere bizitza osoan. Etxeko pintore lanetan hasi zen, eta horrek hortik egin zuen apustua muralak pinta­tzera. Ezin esan beraz, materialak sekretu haundiegirik duenik, artista urretxuarrarentzat.

Bide berriak bilatzen
Pintura mundutik datorren arren, beste arlo batzuk lan­tzen ere ari da Goikoetxea az­ken urteetan. Pintura eta eskultura lanak batu zituen Bar­tze­lo­nako l’Example-ko muralean, adibidez. Azkeneko lanean, abstrakzioa, materialen testura, argazkiak materian inprimatzeak, eta bestelako baliabideek ere garrantzia haundia hartu dute. 

Ikasteko prozesua inoiz ez dela buka­tzen dio pintore urretxuarrak, «aspaldi ari nintzen beste arte moduei ere garrantzia ematen, begira­tzen, ikasten... Konturatua nago, nere obra aldatzen ari dela, eta baliabideak behar ditudala. Zenbat eta gehiago ikasi, konturatzen zara, zenbat daukazun jakiteko».
«Ni pintura figuratibotik nator. Oinarri klasikoa jaso dut. Pintura modu hori asko gustatzen zait, eta zaio jendeari. Baserri bat egiten baduzu, segituan identifikatzen da jendea aurrean ikusten duenarekin. Baina egia da, gailur-habe bat ikusten baduzu, hori ere baserria dela. Niri artea gustatzen zait, eta denetik nahasten saiatzen naiz».

«Ideia bilatzea da artistaren lanik haundiena»
Teknikak berebiziko garran­tzia duela dio Goikoetxeak, bai­na benetako lana ideia bila­tzea eta isladatzea dela. «Egia da, ideia oso on batekin zirriborro kaxkar bat ere egin litekeela. Ordena bat behar du, eta mezua zein den garbi azaldu behar du. Hori horrela izan arren, ideia ona daukanak zerbait egingo du. Nik denbora eta buruhauste haundienak horrekin izaten ditut». «Ideiak, mensajeak, jendea emo­zio­na­tze­ko modu­koa behar du. Zer­bait esaten due­na, jendeari iri­txiko zaiona. Hortik aurrerakoa ordu kontua da, batez ere».   
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!