Europa guztian bezala, Hernanin ere Mugikortasun Astea antolatu dute, astelehenean hasi eta gaur arte. Hernaniko Udalak antolatuta bi ekitaldi izango dira gaur goizean zehar: alde batetik Bigarren Eskuko azoka berezia, eta bestetik Kale Antzerkia.
Bigarren eskuko bizikletak, patinak,
eta abar aukeran
Bigarren Eskuko azoka berezia izango da gaur Atsegindegin. Bizikletak, patinak, patineteak, kaskoak eta hainbat osagarri salgai jartzeko aukera izango dute herritarrek. Edozeinek eraman dezake saldu nahi duena, goizeko 09:00etatik 10:00etara, Atsegindegira. Saltzaileak bere datu pertsonalak eman beharko ditu, eta saldu beharrekoaren datuak eman beharko dizkio antolatzaileari; saldu nahi duenaren prezioa ere bai. Antolakuntzako lantaldea arduratuko da azoka zaintzeaz eta saltzeaz. Azoka bukatzean, 14:00etan, salmentan zerbait utzi duten jabeek saldutakoaren dirua edo objektuak jasotzera pasa beharko dute.
Kale Antzerkia,
Biteritik Plaza Berrira
Gaurko beste ekitaldia kale antzerkia izango da. 11:30etatik 13:00etara izango da antzerkia, Biteritik aterako da, eta Tilosetatik eta Plaza Berritik pasako da. Geldi edo Mugi izena du kale antzerkiak, eta gaurkoan, eskola ibiltariarekin etorriko dira Hernanira, herritarren ohiturak umorez lantzeko asmotan.
Bizikleta festa bihar,
herrian barrena
Bihar bizikletan herrian paseatzeko aukera izango da, Kirol Patronatuak, Zikuñako Amak, Udaltzaingoak eta Ikastetxeek antolatu duten Bizikleta Festari esker. Zirkuitua Hernaniko hainbat kirol eremutatik pasako da, Zubipe, Landare eta Atletismo pistatik esaterako, eta 09:30eatik 12:00etara izango da zabalik. Ibilbidea 4 kilometro ingurukoa da, eta parte hartzeko kaskoa nahitaezkoa da. Bizkleta ez dutenek Plaza Berrin izango dute bat eskuratzeko aukera.