Hostoak hasi dira erortzen, argi orduak mozten, eta gau eta goizak freskatzen. Asteazkenean gaueko 23:19etan hasi zen udazkena, eta Euskalmetek urtaro berria normala izango dela iragarri du, bero tankerarekin. Hau da, udazkenean egin ohi duen eguraldia egingo du, baina beroxeagoa.
Eguraldi lehorra,
eta ohi baino epelagoa
Euskalmetek emandako datuen arabera, iraileko azken egunetan eguraldi lehorra eta eguzkitsua izango da. Antizikloia inguratuko zaigu, eta eguraldi egonkorra izango da. Ipar-mendebala nagusituko da. Tarteka behe-lainoak sortuko dira, eta euri pixka bat egingo du. Tenperaturari dagokionez, azken egunetakoen oso antzekoa izango da, 20-25ºC bitartekoa.
Urria, azaroa, eta abendu hasierari dagokionez, normala baino beroagoa izatea espero da. Aurreikusi dutenez, hiru hilabete hauetan tenperatura, bataz beste, 11,6ºC inguruan ibiliko da, hortaz, aurreko urteetan baino epelagoa izango da. Hala ere, azaroan fronte hotzen bat iristea espero da, eta orduan izotza egin lezake.
Udara azken 40 urteetako beroenetakoa izan da
Uztaila, abuztua eta iraila hasiera ere berotik joan dira. Estatuko Metereologi agentzien arabera tenperatura 1970 urtetik hona izandako bereonetakoa izan da.
Udara beroa izan bada ere, euri aldetik normala izan da
Añarbeko Urak enpresaren arabera, euria ohiko kantitatean egin du udaran. Añarbeko urtegia %79ra arte beteta dago momentu honetan. Joan den urtean %73an zegon, eta azken 33 urtetako bataz bestekoa %68koa da. Beraz, nahiz eta udara beroa izan den, euria ohiko neurrian egin du.
Hilabetez hilabete begiratuz gero, ekaina izan da euri gehien egin duena, 202 litro bota ditu metro karratuko; 2009an 37 izan ziren, eta 2008an 188. Uztailari dagokionez, 68 litro bota ditu metro karratuko; joan den urtean 77 izan ziren, eta orain bi urte 61. Abuztua berriz, azken hiru urteetako lehorrena izan da, 79 litro bota ditu; 2009an 94 litro izan ziren, eta 2008an 98. Azkenik, iraila ere lehorretik dijoa. Atzo arte 24 litro bota zituen, eta 2009an, hilabete osoan 157 izan ziren; 2008an berriz 98 litro egin zituen. yy