Hamaikabat alderdiak alegazioak jarriko ditu Arau Subisidiarioen Testu Bateratuko puntu batzuetan, hala jakinarazi du Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharraren bidez. Alderdiak dio ez datorrela bat Testu Bateratuan ageri diren nahi urbanistiko batzuekin, horien artean ondorengoak: Irrigoenea etxea botatzea, Elizatxo Ikastola eta Atzieta bitartean egingo diren 52 etxebizitzak, eta Villa San Antonion aurreikusten diren 110 etxebizitzak: «proposamen hauei eta beste batzuei alegazioak jarriko dizkio H1 alderdiak».
Irrigoenea etxea botatzeari dagokionez, Hamaikabatek azaldu du, ustezko arkuak berreskuratzeko asmotan, Hernaniko etxe historiko bat botako dela: «arkuen existentzia ez dago guztiz kontrastatuta, etxea botatzearen proposamena Hernaniko arkitekto aholkularia den Imanol Jimenezek emandako iritzian du oinarria».
Inguru berean jarraituz, Hamaikabatek dio Elizatxo Ikastola eta Gure Etxola (Atzieta) bitarteko magalean 52 etxebizitza egitea aurreikusten dela Testu Bateratuan, inguruko estetika hobetzeko: «Imanol Jimenezek zuzentzen duen Testu Bateratuan esaten da 52 etxebizitza eraikitzearekin batera, magala estetikoki hobetuko dela. Hamaibat proposamen honen aurka dago».
Villa San Antonioko 110 etxebizitzen proposamenari dagokioenez, H1-ek eskatuko du 2007ko ordenazioa mantentzea: «Villa San Antonio inguruan aurreikusita zeuden etxebizitzak bikoiztu egin dituzte. Alderdiak dio proposamen hori ez dagoela urbanistikoki justifikatuta, eta etxebizitzen eraikuntzarekin Lizeaga eta Elizatxo auzoek duten gune berdea eraberritzeko aukera galduko dela».