Alegazioak egiteko eta arkitektoarekin biltzeko aukera hilaren azken egunera arte

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 21a, 02:00

Arau Subsidiarioen Berri­kus­penaren Testu Bateratua erakusketan dago hilaren 30­era arte, eta alegazioak egiteko eta arkitektoarekin biltzeko aukera dago bitarte horretan. Erakusketa fase honetan, Udalak bi hitzaldi antolatu ditu azalpenak emateko eta azken hitzaldia asteazkenean izan zen. Lehenengo hi­tzaldira bezalaxe, gaiak sor­tzen duen interesagatik, herritar ugari gerturatu zen. Azal­penen ondoren, hainbat herritarrek beren adostasun eta desadostasunen berri eman zieten Marian Bei­tia­la­rran­goi­tia alkateari eta Ima­nol Ji­me­nez arkitektoari. Oro­­korrean lan txukuna egin zutela adierazi zien bat bai­no gehiagok, baina zenbait punturekin ez zetozen bat. Honako gaiak izan zituzten ahotan: Irrigoenea bota­tzea, bultzatzen den gizarte eredua kontuan hartzea, hezkuntza proiektu baten beharra, etxebizitza gehiegi egitea, Portun egingo diren bide berriak, dirua lortzeko kriterioa eta fase honetan erabilitako metodologia.

Irrigoenea etxea proiektuan txertatzeko eskatu zen
Testu Bateratuak Irrigoenea botatzea proposatzen du, Leokako bidezubia agerian uzteko asmoz. Aurreko bileran bezala, etxe hori ez bota­tzeko eskatu zen, eta proiektuaren barruan sartzeko. Ho­rrez gain, Galarretako proiek­tua dagoen bezala, le­he­nengo sektorerako ere proie­k­tu bat bultzatzea proposatu zen. Eta bide horretatik, azter­tzea Parke Teknolo­gi­koa nahi ote duen herriak eta nahi badu, zer nahi duen bertan. Etxebizitza gehiegi? Etxebizitzak ere izan ziren hizketagai. Proiektuak bil­tzen dituenak gehiegi direla eta beharrik ez dagoela nabarmendu zuten, 1.000 etxebizi­tza huts daudela argudiatuta. Beitialarran­goi­tiak argitu zu­en, Udala ere saiatu dela ko­purua murrizten, baina ezin izan dutela. Portun egingo den bide berriarekin kezka ere azaldu zuten herritar batzuk. Beha­rrez­koa ote den galdegin zu­ten eta jasangarritasuna/sostenibilidad-eaz hitz egiten dela, baina ez ote den kontrako emaitza lortuko eta trafikoa bertan pilatuko. Jime­ne­zek azaldu zuen, dagoen bideak konponbidea behar duela. Hala, bariante bat egingo li­tzatekeela eta ez li­tzatekeela trafikoa auzotik bertatik pasako. Eta gaineratu zuen, errepide normal bat izango dela ez autopista bat. Obrak egiteko, hau da, parkeak, bideak... dirua lor­tzeko kriterioa ere eztabaidagarria de­la aipatu zen. Konstruk­to­reek dutela boterea, herrian sentsazio hori dagoela nabarmendu zuen herritar batek. «Etxeak egiten dituzte eta or­duan lor­tzen dugu parke bat», azaldu zuen. Arkitektoak azaldu zuen Udalak ez duela dirurik, ez duela beste alternatibarik. Alkateak kriterioa eztabaidagarria dela eran­tzun zuen, baina helburua ez dela etxeak egitea. «Beti da beste zerbait lortzeko, eskumena, zerbi­tzuak, bideak, parkeak... Uda­lak dirua balu, zu­zenean egingo luke, baina ez du». Gainera, testu bategin honekin, Arau Sub­si­dia­­rioak moldatu bakarrik egin ahal izan dituztela adierazi zuen Alkateak, eta alde horretatik eskuak lotuta dituztela. Erakusketa fasearen me­to­dologiarekin ados ez zegoela ere jakinarazi zion herritar batek Udalari eta hilabete gehiago luzatzeko eskatu zuen, jendearen interesa zein den ikusita. Bide horretatik jo zuen beste batek, «bi ordu eta erdiko aurkezpena izan da eta beste bi ordu behar ditugu hitz egiteko, baina berandu da eta nekatuta gaude». Erakusketa fase ho­netan, tartean, abuztua egon dela ere aipatu zuen, eta eztabaidarako bidea berriro zabal­tzea nahi lu­keela. Alka­teak eran­tzun zion, prozesua oso luzea dela, legegintzaldia bukatzear dela eta horrela izan dela. Uz­tai­lean eman zion lehen onarpena Plenoak Testu Ba­teratuari eta abuztutik erakusketan da­go. Berez 45 eguneko epea izaten da baina iraila bukaera arte luzatu dute epea. «Horre­xe­gatik, tartean abuztua zegoelako, erabaki genuen epea luzatzea. Dena dela, abuztuan jende asko pasa da Uda­letik», gaineratu zuen. Eta argi utzi zuen oraindik badagoela alegazioak egiteko eta arkitektoarekin hitz egiteko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!