Chillida Leku museoak 2000ko irailaren 27an ireki zituen ateak eta 10garren urteurrena ospatzeko ate irekien eguna antolatu dute irailaren 26an, datorren igandean. Hezkuntza eta kultura ardatz hartuta, ekintza mordoa izango dira adin ezberdinetako pertsonei zuzenduta. Luis Chillidak azaldutakoaren arabera, «asmoa da 10 urte hauetan museoak bizitakoa biltzea, egun horretan». Goizeko 10:30etatik 15:00etara izango da museoa zabalik.
Euskal Mitologiako 3 ipuin
Haurrei zuzenduta, Euskal Mitologiako hiru ipuin kontatuko ditu Miriam Mendoza ipuin kontalariak.
Horrez gain, Artistaren Kaxa izeneko ekintza izango dute gaztetxoek. Joan Rione aktoreak eskainitako ikuskizunaren bitartez, Eduardo Chillidaren bizitza eta lanera gerturatzeko aukera izango da.
Familiartean Haize Orrazea egiteko aukera
Familiei zuzendutako ekintzen artean, Lupo Tailerra izango da. Bertan, senitartekoek elkarlanean beraien Haize Orrazea egiteko aukera izango dute. Nahien Zuhaitza sortzeko aukera ere izango da denen artean. Bisitariek datozen 10 urteetarako museoaren nahiak idatziko dituzte.
Dantza, bertsoa, umorea...
Aukeran dantza konpainiako kideak eskulturekin dantzan arituko dira eta Maider Yabar eta Arantza Balentziagak Dantza Bertikala eskainiko dute. Ana Remiroren dantza emanaldiaz gozatzeko aukera ere izango da.
Horrez gain, bertsoak izango du bere lekua. Jon Maia arituko da bertsotan artearekin. Umorea Ramon Agirre eta Inaxio Tolosak jarriko dute. Musika emanaldia Perku-Oriol Flores Arisaren eskutik izango da, Escuchando la música callada lanarekin.