Andoni Oiartzabal
‘Izarren argia’ zure lehenengo luzemetraia da, erraz eman al duzu lehenengo pausoa?
Orain dela urte eta erdiko kontua da. Madrilen aspalditik dudan errepresentanteak esan zidan probak egiten ari zirela. Aurkeztu egin nintzen eta 3-4 proba egin ostean, Marisaren papera eman zidaten.
Nolakoa da Marisa?
Protagonista Victoria da. Bera errepublikar baten alarguna da. Bere semearekin Saturrarango kartzelan sartzen dute eta bertan, semea kentzen diote. Victoriaren inguruan 4-5 pertsonaia daude eta horietako bat da Marisa. Neska gaztea, seme-alabarik gabekoa. Pentsamendu liberalekoa da, ateoa eta abortoa izandakoa. Testuinguru horrekin, kartzela gidatzen duten monjetako batek, Sor Angelesek, begitan hartzen du.
Asko kosta al zitzaizun pertsonaia barneratzea?
Gaia ez da asko zabaldutakoa eta alde hori landu egin dugu. DVDak, elkarrizketak… pasa dizkigute garai hura bizi eta egun bizirik dauden emakumeenak. Testigantza horiek lagundu digute errealitate hartara gerturatzen. Gainerakoan, pertsonaia guztiekin izaten den zailtasun bera izan dut, baina hori da azken finean gure lana.
Eta zer iruditu zaizu pelikula?
Pelikula estrenoan ikusiko dut lehenengo aldiz, baina gaiari dagokionez, berreskuratu behar zen gai bat dela uste dut. Gerra Zibilean kokatzen da, Saturrarango kartzelan sartu zituzten emakumeek sufritutakoa azaltzen da. Gerra Zibilaren gaia landu izan denean, gizonezkoek jokatu zuten papera landu izan da eta kasu honetan, emakumeetan zentratzen da.
Aktore ezagunekin aritu zara lanean, tartean, Barbara Goenagarekin. Nolako
esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da. 6 aste pasa genituen grabatzen. Pelikulan gainera gehiengoak neskak ginen, emakumeak protagonista diren pelikula delako, eta oso giro polita izan dugu denon artean. Horrez gain, Mikel Ruedaren lehenengo luzemetraia da eta lan ona egin du. Argi dauka zer nahi duen eta gustora aritu naiz.
Bihar izango da estreinaldia, zer moduzko harrera espero duzue?
Nahiko ikusmin badago behintzat. Sarrerak salgai jarri eta ordu gutxitara saldu ziren. Gaia gertukoa da, gutxi hitz egin da honi buruz eta interesa badago. Nire ustez kalitatezko lana egin da eta jendeari gustatuko zaio.
Zuk ere bertan ikusiko duzu
lehenengo aldiz.
Bai eta badut gogoa. Orain dela urtebete grabatu genuen eta orain ikustea ikaragarria izango da.
Antzerkian ere aritzen zara, besteak beste. Esku artean baduzu zerbait Kulunka Teatro konpainiarekin, ezta?
Bai, Andre Dorine obrarekin gabiltza. Joan den astean estreinatu genuen. Eusko Jaurlaritzak subentzionatutako obra da eta oso kontentu gaude. Maskaren espektakulo bat da eta Alzheimerra da gaia. Urrian Kolonbiara joango gara eta azaroan Nepalera.
Eta aktorea izateaz gain,
musikaria ere bazara.
Disko pare bat atera nituen Lantz taldearekin eta bakarlari bezala beste bat ere bai. Orain beste proiektu batzuk ditut buruan etorkizunari begira.
Zer nahiago duzu?
Egia da antzezteak ematen didala jaten, baina musikari ezin diot ezetz esan. Biak behar ditut.