Noiz hasi zinen fruta-arbolekin lanean?
Gure baserria (Zabalo-enea) beti izan da tradizionala; ganaduak zuen garrantzia. Baina beti izan dugu baita ere sagastia. Sagardoa etxeko edari nagusia zen. Eta orain dela 20 urte erabaki nuen, ganaduak kendu eta sagastiari ematea lekua. Mahaiko sagarrak eta sagardotakoak jarri nituen. Orain udareak,
kiwiak... ere badauzkat.
Zenbat mota dauzkazu
bakoitzetik?
Mahaiko sagarrak 35 bat ditut eta sagardotakoak 45-50 bat. Udareak berriz, 10 bat mota. Denera, 2.500 fruta-arbol.
Horiek guztiak zaintzeak lan
haundia emango du.
Lan izugarria da. Urte osokoa. Hobe esanda, urtetakoa. Biltzeko gainera, mota bakoitza garai ezberdinean heltzen da. Bereiztu eta onenak biltzen ditugu, brilloa atera banan-banan… Beti onenak hartzen ditugu, perfektuak direnak. Erosi behar duenak onena nahi du eta ona salduz gero, bueltan etorriko zaizu.
Laguntzarik izango duzu, ezta?
Bai, familiak, ilobek asko laguntzen didate bilketan eta gauza puntualetan. Bestela dena mekanizatua dago. Laguntza, batez ere, bilketarako behar da. Sagardotako sagarrak biltzen 10 bat lagun aritzen gara eta mahaitakoetan lauzpabost.
Eguneko zenbat sagar biltzen duzue?
Aste honetan, esaterako, egun batean 1.200kg, bestean 1.500kg… Heldu den sagar motaren araberakoa da; izan ere, mota batzuetatik sagarrondo gehiago ditut. Mahaikoak 35 bat mota ditut, baina 5 bat klasetatik ditut sagarrondo gehienak. Bereziagoetatik 3-4 sagarrondo ditut. Egun batzutan 5.000kg ere biltzen ditugu.
Sagarra bi urtetik behin izaten omen da. Nola erremediatu sagar gutxi izaten den urtea?
Sagarrondoa zainduz gero, urtero ematen du. Eta mahaikoekin hori gertatzen da. Sagarrondoa orekatu, kimatu egiten da, bakandu, eguzkia sartu dadin inguru osoan. Oreka bilatzen zaio datorren urtean ere indarra izan dezan, lorea izan eta fruta emateko berriz. Hiru pauso dira eman beharrekoak: kimaketa, bakantzea eta ongarria neurrian botatzea. Horrez gain, sagarrondoari lagundu egin behar zaio eta behar duenean ureztatu. Hori mahaikoekin gertatzen da, arbol enanoak direlako. Sagardotakoak berriz, frankoak dira, haundiak. Ezin dira bakandu. Lan haundia litzateke. Orduan, urte batean erruz ematen du sagarra, indar guztia gastatzen du, eta hurrengo urtean ez du lorerik izaten.
Eta aurtengoa, zer moduzko
urtea da?
Aurten sagar asko dugu. Sagardotako sagar urtea izan da. Nahiz eta abuztua lehorra izan, sagar polita eta ona etorri da.
Salmentari dagokionez, zuk
saltzen dituzu zuzenean?
Bai, sagardotako sagarra sagardogileei saltzen diet eta mahaikoa Behemendiko azokan saltzen dut. Azoka ibiltaria da. Hilabeteko lehenengo larunbatean, Eason egoten gara, bigarrenean Hernanin, hirugarrenean Grosen eta azkenekoan Antiguon. Sobran baldin badauzkat denda batzutan banatzen ditut: Bretxan, Hernaniko Eroslen... Martin Berasategiri ere eramaten dizkiot.
Zein mota saltzen da gehien?
Hiru klase sagar batez ere. Orain Elstar eta Urre-eztei; azarotik aurrera, Errege-sagarra. 10etik 9, gaziak saltzen dira.
Errentagarria al da?
Norberak zaindu eta salduta ateratzen den etekina pozik egoteko modukoa da. Lan asko egin behar da, baina saltzea da zailena eta nire kasuan, badaukat non saldua. Mota asko dauzkat dendetan ez daudenak eta arrakasta dut. Gainera, niretzat garrantzitsuena da baserria martxan dagoela ikustea; ez dagoela lurperatua. Gustora nago.
Lan horrek guztiak gainera, badu errekonozimendua, lehiaketa ugari irabazi dituzu.
Azkenekoa, Ordiziako Euskal Jaietan, Fruitu Lehiaketa.
Orain dela 15 bat urte azoka berezietan parte hartzen hasi nintzen: Zumarraga eta Urretxun Santa Luzian, Donostian Santo Tomasetan, Gabon aurretik Tolosan, urteko azken larunbatean Elgoibarren, Bergaran…. Kosta zitzaidan pausoa ematea. Lan haundia egin behar da, halako azoketan itxura asko zaindu behar da eta inbertsioa haundia da. Azkenean, pausoa emanda, lotsa kenduta, joaten hasi nintzen. Eta orain disfrutatu egiten dut.
Erakusketa bihar, Euskal Jaietan
Bihar, Sagarra eta Sagardoaren Eguna izango da Hernanin, Euskal Jaien barruan Tolareak antolatuta eta Manu Iradi bertan izango da. Iaz bezala, sagardotako sagar mota ezberdinen erakusketa jarriko du Plazan, 10:30etatik aurrera. Azaldu duenez, denetariko sagarrak izango dira: Normandiakoak, Asturiaskoak, hemengoak... 45-50 bat mota. «Jendeak ikusteko eta ikasteko zerekin egiten den sagardoa». Horrez gain, jateko sagarra ere izango du saltzen. Iradiz gain, Erroxali baserriko Mari Carmen Urangaren sagarrak ere izango dira.