Udaletxea erre zuen granada...

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 17a, 02:00

Atzo bete ziren 135 urte, Hernaniko udaletxea erre zela, Santiomenditik botatako Karlisten granada batek jota. 1875eko irailaren 16a zen, arratsaldeko 16:30ak ingurua. Bigarren Karlistadan, herriak kalte larriak jasan zituen, pertsonalak eta materialak.

135 urte bete ziren atzo, Hernaniko udaletxea erre zela. 1875eko irailaren 16an, arra­tsaldeko 16:30etan, San­tiomenditik karlistek botatako granada batek jo zuen udale­txeko polborina, edo artileria, eta dena kiskali zen. Bigarren Karlista Gerra zen, eta Her­nani liberal deklaratu zenez, karlisten kontra ari zen ge­rran. Gerra hartan kalte haundiak jasan zituzten Her­nanik eta hernaniarrek, tartean sute haundi hori. 1885ean Joaquin Fernan­dez Ayarraga­ray arkitekto her­naniarrak egin zuen udaletxea be­rritzeko proiektua, 1679ko uda­letxe zaharraren estiloari eu­tsita. 1887an hasi ziren be­rritze lanak. Udaletxea berritu arte, udal bulegoak herrian sa­kabanatu behar izan zituzten.

Hernani, ‘garai ezina’
Gerra hartatik datorkio Her­naniri Invicta, edo Garai-ezina titulua. Urko Apao­laza Her­na­niko Kronikako ko­labo­ra­tzai­leak horrela idatzi zuen, 2007­ko uztailaren 29an:  «...Don Car­losek 1874ko maia­tzean erabaki zuen Hernani menderatzea, Bilboko porrotaren zauria itxi nahirik-edo. Ho­rre­tarako artilleria mordoa ekarri zuen, Oriamendi, Bu­runtza, Antone­nea eta San­tio­men­ditik gure herria bonbardatzeko. Hernani­ko liberalek, aldiz, Santa Barba­ra­ko fuertetik erantzun zieten. Bonbardake­tak maiatzaren az­ke­ne­tan hasi ziren, eta karlistek, ikusirik herria ez zela errendituko, biolentzia izugarriarekin jaurti zituzten granadak: ...galbai zar baten ichuran dago / granada zulos josia... dio hirugarren bertsoak [ondoko koadroan dituzue]. Deskri­bapena ezin egokiagoa da, hiruzpalau egunetan 1.000 granada baino ge­hia­go jaso baitzituen herriak (Atzietako etxe bateko horman sartuta bi burni puska ikus daitezke gaur egun; gerra hartako granadak omen dira). Setioa ekainaren 2an amaitu zen, karlistek atzera egin zutenean. Horregatik, ekai­na­ren 2a festa haundia izan zen urte luzetan Her­na­nin, liberalena lehenik eta erre­pu­bli­karrena gero. 1875­ean Espai­niako Gobernuak In­victa izendatu zuen Her­na­ni, karlisten erasoari eusteagatik, eta azken bertsoak dioen bezala tituluba ta diruba eman zion horren truke. Horrela amaitu zen Atenas txiki honen epopeia haundia».

Karlistadetako kantuak, urriaren 8an Hernanin, Joseba Tapiaren eskutik

Eta tira eta tunba izenburuarekin diska berria kaleratu du Joseba Tapiak. Bertan Karlis­ta­detako 22 kantu biltzen ditu, eta Hernanin kantatuko ditu, urriaren 8an, Biterin emango duen kontzertuan. Horietako bat, ‘Herna­niri!’, edo ‘Hernani dago penoso’.

HERNANIRI! edo
‘HERNANI DAGO PENOSO’
Anonimoa, 1875
‘Urnietako Doinuba’

Askok dakite nola nik
luzaro egun bat onik
ez daramala Hernanik;
beti tiroka granadapian
dauka Santiagomendik;
gaitz da libratzen argandik,
kaltiak dirade haundik,
egiten diranak handik.


Bala bat lehertzen kalian,
bestia berriz aidian,
beti badira bidian;
lo ez dagonak maiz aitzen ditu
tiro soñuak aldian:
egunaz hala gabian,
beti etxietan bian
egon bihar da gordian.

Urbietaren herria,
lehenaz etzana berria,
alperrik galdu da ia;
galbai zahar baten itxuran dago
granada zuloz josia;
Kontzejua da hausia,
joan zan aidian guzia,
frankok galdurik bizia.

Gerra zan ezkeroz hasi,
izan da zenbait desgrazi,
gaitz asko dira ikusi;
jende asko da gelditu pobre,
herria berriz itxusi;
horla izate ta guzi,
sufritzen diranak bizi,
plazik eztute nahi utzi.

Hernani dago penoso,
beti tiropian preso,
hartzen du zenbait balazo;
lenaz gain beste bateria bi
berriak dizkate jaso;
hoiek harturik eroso,
gogor diote eraso,
puskatu nahi dute oso.

Bonbakin granadak nahaste,
karkak lehen ere bastante
tira izandu dituzte;
baldin herria purrukatuta
hartzia badute uste,
beste makiña bat urte
pasa biharko dituzte,
eta hartuko eztute.


Bertso horiek ez ziren publikatu 1893 urtera arte, Ecos de
Vas­co­nia liburuxkan. Egilea zein den ez dakigu, baina bai, harmonizatu Peña y Goñi musikariak egin zuela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!