Donostiako Zinemaldiak gerturatu egin nahi izan du desgaitasun sentsoriala duten pertsonengana. Horretarako, CESyArekin elkarlanean, aukera zabaldu nahi izan du entzumen eta ikusmen urriagoa duten pertsonentzat.
Bi pelikula, bi larunbatetan
Kutxa Andia aretoan bi pelikula jarri ditu Zinemaldiak, bi larunbatetan. Bihar, irailak 18, Celda 211 pelikula jarriko dute, 18:00etan. Eta datorren larunbatean, irailak 25, Habitación en Roma pelikula botako dute, 12:00etan. Bi pelikulak subtituluak izango dituzte entzumen urriagoa dutenentzat, eta audiodeskribitu egingo dituzte, ikusmen urriagoa dutenentzat.
Celda 211 pelikula Daniel Monzonek zuzendu du, eta Habitación en Roma, Julio Medemek.
Gala guztiak subtitulatuak
Aurtengo Zinemaldiko gala guztiek subtituluak izango dituzte, bai ekitaldia egiten den lekuan bertan, eta baita telebistaz ematen dutenean ere. Horrez gain, hitzaldi bat antolatu dute gaiari buruzkoa, asteartean, 16:00etan Kursaalean. Espainiako eta Europako pelikulek eta produktoreek jaso ditzaketen dirulaguntzei buruz ariko dira, desgaitasuna duten pertsonentzat egokiak diren produkzioak egiteko. ICAA eta CESyA elkarteetako kideak hitz egingo dute.
Koxka elkarteak esker ona, Donostiako Zinemaldiari
Hernaniko Koxka elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Donostiako Zinemaldiari, herritar guztiengana iristeko, azken urteetan egin duen ahaleginagatik.