Gaur, kalera atera, eta orain dela 100 urteko Hernanin bizitzeko aukera izango da, Euskal Jaietan murgilduta. Goizean, abeltzaintza azoka, sendabelarren erakusketa, txakolin eta talo dastatzea, dantza eta herri kirolak izango dira. Gainera, garai hartan egiten ziren herri jokoak berreskuratuko dira, hala nola, marmitak eramatea, arropa garbitzea, suildunen laisterra... Eguerdian, poteoan ibiltzeko aukera izango da bertsolariekin eta ondoren, herri bazkaria izango da Gazte Asanbladak antolatuta. Aurten, nobedadeen barruan, haurrei zuzendutako tailerrak antolatu dituzte eta horiek arratsaldean izango dira. Eguna bukatzeko, erromeria izango da Ezpeletako taldearekin.
Suiletan ura garraiatzen
Aurrez aipatu bezala, 1909ko Euskal Jaietan antolatutako herri jokoak berreskuratuko dira gaur. Bertan parte hartuko dute herriko neska eta mutilez osatutako bi taldek.
Joko batzuk garai hartako eguneroko zereginekin lotura zuzena dute. Esaterako, orain dela 100 urte Hernanin egiten zen Suildunen laisterra. Garai hartan, Suilak (gazteleraz herrada) ura garraiatzeko erabiltzen ziren. Hernaniko kasuan, ohikoa zen Leokatik herriko etxeetara ura eramateko ontzi horien erabilpena. 1909ko Euskal Jaietan hiru emakumek hartu zuten parte. Haien izenak eta sailkapena honakoa izan zen: 1goa Maria Lasa, 2garrena Catalina Larburu eta 3garrena Maria Irazusta. Proba honetan, suilak urez beteta buruan jarri eta zehaztutako ibilbidean ahal den azkarren aritu behar da.
Bihar ere, egun guztiko festa
Bihar goiz partean, Sagarra eta Sagardoaren Festa izango da Plazan. Horrez gain, partiduez, Trikitixa Txapelketaz eta karrozen irteeraz gozatzeko aukera izango da. Aurten bi izango dira eta horietako batean garai bateko bataioak ekarriko dira gogora iaz antzeztutako ezkontzei jarraipena emanda. Euskal Jaiak bertsolari, txalapartari eta abesbatzekin bukatuko dira.
Ekintza eta lehiaketa ugari 1909ko Euskal Jaietan
Diputazioak antolatuta, Gipuzkoako herri ezberdinetan Euskal Jaiak egiten hasi ziren orain dela 100 urte inguru. Hernanik 1909 urtean hartu zuen lekukoa. Irailaren 19tik 22ra izan ziren jaiak eta ez ziren falta izan mota guztietako ekintza eta lehiaketak.
Lehenengo egunean, esaterako, Nekazaritza eta Abeltzaintza Lehiaketa izan zen. Diputazioko ordezkaritza iritsi ondoren, Salvea izan zen Donostiako Orfeoiaren eskutik. Bigarren egunean prozesioa, meza, bazkaria, ohorezko aurreskua, musika eta bertsolariak izan ziren, besteak beste. Bertsotan aritu ziren Pello-Errota, Txirrita, Gaztelu eta Olegario Garin. Gainerako egunetan ere bertsolariak, kontzertuak eta euskal dantzak izan ziren. Baita konpartsaren irteera ere.
Literatur, pultso eta tiro lehiaketak
Azken egunetan lehiaketa ugari izan ziren, hala nola, literatur, pultso eta tiro lehiaketak. Literaturan, lehenengo saria Martina Zubillaga eta Jose Telletxeak lortu zuten. Bigarren izan ziren Carmen Imaz, Leonor Zubillaga, Maria Iraola, Miguel Toledo eta Federico Armendariz. Hirugarrenak, berriz, honakoak: Fernanda Alberro, Juanita Landaberea, Eloisa Urnieta, Maria Navarro, Jose Luis Miner, Jose Agustin Esnal eta Ramon Zumalakarregi.