Angel Olaran misiolariak proiektu berria jarri du martxan Etiopiako Wukro herrian: Erlauntza Proiektua, eta arrakasta izaten ari da, eztia egin, eta ondo saltzen ari direlako, kanpoko merkatuetan. Erlauntza bakoitzak 150 euro balio ditu, eta lagundu nahi duenak erabaki dezake, erlauntza bat erosi ala erlauntza erdia. Etiopia ezti leku oso ona omen da, eta han egindako eztia kanpoko merkatuetan saltzea lortu dute, beste produktu batzuekin ez bezala (adibidez, kafea).
Olaranen proiektu berria da hori, baina beste proiektuak ere martxan dira Wukron, hain ezaguna dugun Jangela Solidaria (3.900 umezurtz hartzen dituena), adibidez. Horiek eta gehiago, Angel Olaranek berak azalduko ditu, datorren irailaren 23an, 19:00etan, Sandiusterrin, Wukroren aldeko Elkartasun Jardunaldien barruan. Elkartasun Bazkaria, hilaren 26an izango da, 14:00etan, Txantxangorri elkartean.
Elkartasun Jardunaldiak,
seigarren urtez
Aurten seigarren urtea da Elkartasun Jardunaldiak antolatzen direla eta bi ekitaldi izango dituzte: hitzaldia eta bazkaria. Angel Olaran bertan izango da, bietan.
Bazkari txartelak 22 euroan jarriko dituzte salgai, Iruretagoiena dendan eta osteguneko ferian, edo Mikel Lujanbiori erosita. Salgai daude baita ere: motxilak eta mantalak 10 euroan; eta pinak, arkatzak eta metxeroak, euro batean. Fila 0 boletoak eta iazko kamisetak, borondate trukean.
Dirulaguntza eman nahi duenak, kontu korronte honetan egin dezake: 2101 0041 08 0010282606