Irrigoenea etxea bota egingo dute, Udalak aurkeztu berri dituen Arau Subsidiarioen testu bateratuak dioenez. Proiektu horren kontra, firma bilketa hasi dute Irrigoenea etxeko bizilagunek, Xalaparta Elkarteak, eta bertako lokal komertzialek. Firma bilketa hasia dago, eta Hernaniar guztiei dei egin diete firma emateko, Irrigoenea etxea bertan uztea eskatzeko, eta plangintza berriaren barruan sartu dezatela eskatzeko.
Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean, sinatzaileek diote, inguru horretan egin nahi duten planaren barruan mantendu daitekeela Irrigoenea etxea ere. Horretarako, 3 arrazoi ematen dituzte:
1-«Hernaniko Udalak dio, errege bidea egin eta 50 urtera egin zela Irrigoenea etxea, eta zubi horren tarte zabal bat bistan utzi nahi dutela, hor atzean zubiaren bi begi agertuko direlakoan. Guk diogu, etxea XVII. mendekoa izan litekeela, eta ez dela zubia egin ondorenekoa. Etxearen atzean ez dago inolako zubi-begirik, bestaldera begira dauden zubi-begiak baitira. Urteetan erasoen kontrako babeslekua izan zen hainbat eta hainbat hernaniarrentzako».
2-«Proiektuak jartzen du, ingurua berritu nahi dela, Zinkoenea ere bilduko lukeen plan zabalago batean. Gure ustez plan hori egin liteke etxean bertan dela, eta egin beharreko itxura aldaketak egiteko prest gaude horretarako».
3-«Udaletxea leku askotatik hobeto ikusiko litzatekeela diote, baina gure iritziz, ez dira orain baino askoz leku gehiago izango horiek. Gainera, etxearen estetika mantentzea garrantzitsuagoa dela iruditzen zaigu, etxeak eta etxearen iparraldeak osatzen duten estetika Hernanin geratzen den azkenetakoa delako, azkena ez baldin bada».