Hamaikabat alderdiaren ustez, oso denbora gutxi izango dute hernaniarrek Arau Subsidiarioei alegazioak jartzeko. Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean Hamaikabatek dio, Arau Subsidiario berri batzuk egin direla, «Testu Bateratua» deitu bazaie ere.
«Praktikan, hilabete eskas
alegazioak jartzeko»
Hernaniko Udalak Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bateratua kaleratu du eta erakusketa publikoan dauka Biteri kultur etxean. Hamaikabatek salatu du, praktikan, hernaniarrek hilabete eskas izango dutela arauak aztertu eta alegazioak jartzeko, «alegazio epea bi hilabetekoa da, tartean abuztua. Beraz, praktikan hilabete eskas izango dute hernaniarrek alegazioetarako».
Hamaikabat alderdiak salatu du, baita ere, planoak irailean jarri direla Biterin, eta planeamendu berriari buruzko aldizkaria ere, irailean buzoneatu dutela, etxez etxe.
«Arau Subsidiario berriak»
«Foru Aldundiak ontzat eman zituen zenbait eremu erabat aldatu dira, ia publizitaterik gabe, eta oporretako hilabetea aprobetxatuta», dio Hamaikabat alderdiak. «Ezker erradikalak Arau Subsidiario berriak aprobatu nahi ditu, nahiz eta Testu Bateratua deitu. Epaitegietan lortu ez dutena, ezkutuka lortu nahi dute, presaka, eta informaziorik eman gabe. Gogoratu behar dugu, Ezker Erradikalak errekurritu egin zuela Diputazioak Arau Subsidiarioei eman zien onarpena, ez omen zituztelako baldintza minimoak betetzen. Epaiak ez die arrazoirik ematen, eta ontzat jo dituzte Hernaniko Arau Subsidiarioak».
Azkenik, Hamaikabatek eskatu du, dokumentua hiru hilabetez jartzeko ikusgai, «aurreko legegintzaldian egin genuen bezala, eta ez ANV eta EBk eskaini duten hilabete eskas batean».