Alfonbra gorria prest Donostia Zinemaldirako

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 11a, 02:00

Dena prest da, baita alfonbra gorria ere, 58. Donostia Zine­maldirako. Epaimahai Ofiziala osaturik, Goran Paskaljevic zinemagile serbiarra buru dela. Izar haundiak ere ez dira faltako Donostiako kaleetan, Julia Roberts aktore haundia  Donostia Saria jaso­tzera etorriko baita; ekitaldia irailaren 20an izango da.
Zinemaldia, ostiralean ha­siko da, irailaren 17an, eta 9 egunez jarraian zine zaletasuna asetzeko milaka aukera izango dira. Irailaren 25ean izango da Zinemaldiko klausura ekitaldia, eta bertan banatuko dituzte aurtengo lehiaketetan emango diren sari guztiak.

Sarrerak bihartik aurrera
salgai ohiko tokietan

Aurtengo Zinemaldiko sarrerak bihar jarriko dira salgai, Kursaal Elkarguneko behe solairuan. Ordutegia goizeko 09:00etatik ilunabarreko 20:00­e­tara da. Prezioa 6,30 eurokoa da emanaldi bakoitza (Sail Ofizialeko galak, Belodro­mo­ko saioak beste prezio batzuk dituzte) eta 10 sarrera baino gehiago erosiz gero, %20ko deskontua izango da sarrera bakoitzean.
Interneten bidez ere erosi daitezke helbide hauetan: www.sansebastianfestival.com edota www.kutxa.es. Eta beste aukera Servikutxaren bitartez da. Telekutxaren bitartez ere erosi daitezke bihar goizeko 09:00etatik aurrera, 943 00 12 00 telefonora deituta.

18 filmek osatzen dute
aurtengo Sail Ofiziala

Aurtengo edizioko Sail Ofiziala  18 filmek osatuko dute, hala ere lehian 15 film izango dira.  Film hauen tartean badira zuzendari ezagunak, adibidez Felipe Ca­zals mexikarrak Chicogrande aurkeztuko du lehiaketan; John Sayles estatubatuarrak berriz, Amigo aurkeztuko du.
Bertakoen lana ere ikusi ahal izango da aurtengo lehian, Jose Maria de Orbe donostiarraren Aita Zine­mal­diko Sail Ofizialeko lehian izango baita.

Zabaltegi Saila
Arrakasta haundiko saila Zabaltegi izaten da. Sail honen atal aipagarrienak bi dira; Bitxiak izenekoa bata. Atal honetan urteko film nabarmenen au­ke­raketa izaten da, tartean  beste zinemaldietan aurkez­tu­ta­­koak. Atal honetako filmeek TCM Publikoaren Saria lortu dezakete, eta sari hau ikusleek erabakitzen dute, filma ikusi ondoren bere bo­toa emanaz. Bi sari izaten dira, bat botu gehien dituenarentzat eta bestea film europear hoberenari. Zabaltegiko beste atala Zuzendari Berriak da, eta bertan zuzendarien lehenengo edo bigarrengo lanak aurkezten dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!