IGANDEAN iritsiko da Osiñaga auzora Comete Sarea omentzeko urtero egin ohi den ibilaldia, hau da, Bigarren Mundu Gerran iheslariei laguntzen aritu ziren mugalari eta sareko partaideak omentzeko ibilaldia. Loidi parean dagoen oroitarrian, Hernaniko mugalariak ekarriko dira gogora, besteak beste, Florentino Goikoetxea. Tartean izango dira nazioarteko ordezkariak, sarean parte hartutakoak eta baita iheslari sareei esker oraindik bizirik daudenak ere. 19:00etan izango da.
Aukera, mugalariek egiten zuten bidea egiteko
Bigarren Mundu Gerran iheslariek eta sareko partaideek jarraitzen zuten bidea egiteko aukera izango da aurten ere, hau da, Ziburutik Errenteriara Bidasoa ibaia gurutzatuz. Larunbat eta igandean izango da ibilaldia, bi etapatan banatua. Larunbatean Sokoatik Bidasoa ibaira joango dira. Autobusa goizeko 08:30etan irtengo da Errenteriako Panier zubitik eta ekitaldi guztien ostean, Errenteriara itzuliko dira. Igandeko etapa Bidasoatik Errenteriara joango da eta ondoren, bazkaria egingo dute. Autobusa 07:30etan irtengo da. Izena emateko gaur da azken eguna, 20:30etatik 22:00etara, 943 52 78 79 telefonora deituta.