Hiru egun bete-beteak izan dituzte Zikuñagan, aurteko jaietan, eta atzo esan zioten agur, jendez eta giroz bikainak izan diren aurtengo festei.
Futbito txapelketa eta herri kirol desafioa zituzten atzoko ekitaldi nagusiak. Futbitoan 4 talde izan dira, denak auzotarrak, eta E taldeak irabazi zuen finala, atzo, 10-3. Desafioak sua piztu zuen auzotarren artean. Asteasuko Olarrea baserriko zaldia eta Zikuñagako auzotarrik indartsuenak neurtu ziren, 560 kg-ko harriari tiraka, 20 minutuan. Zaldiak 75 plaza egin zituen; auzotarrek 76 (berez 38, baina doble kontatzen zuten, aurrez hala erabakita). Gizakia nagusi, beraz.
Beste sariak honakoak: tortila txapelketan txapeldun, Juani Ortega; pelotan, Xuban Iturriotz; tokan, Pedro Oiarbide; eta bote eta igel jokoan, Jose Lopez. Trofeo guztiak auzotarrek egin dituzte.