«Amari eskaintzen diot hamargarrena, txapel hau berezia delako, eta ama bakarra delako». Malkoei eutsi ezinda ospatu zuen Ezkurra haundiak atzoko garaipena, hamar behatzak publikoari erakutsiz, eta emozioa bistan zuela. Ez zen gutxiagorako, gorriak ikusi batzituen atzo Julen San Miguel gazte eta gogor bati gaina hartzeko.
Arnasik gabeko partidua
Ia etenik gabeko finala jokatu zuten atzo Doneztebeko bi pelotariek, bi kirolari haundik bakarrik jokatu dezaketen bezalakoa. Elkarri arnasik eman gabe aritu ziren, eta 24-23 tantora arte ez zen nagusitu bietan inor. Zortzi berdinketa izan zituen, 4-4, 7-7, 8-8, 10-10, 18-18, 19-19, 21-21 eta 23-23. Sakez min egin zioten elkarri (Ezkurrak 9 tanto, eta San Miguelek 8), baina errestoan bikain aritu ziren biak ere.
Partiduko tantoa, 24-23koa izan zen. San Miguelek mirariz altxa zituen bi pelota (moztutako bat eta errebote bat), eta hirugarrena, errebotean hilko zela zirudiena, lurrera jauzi eginda bueltatu zuen doneztebarrak... txapara ordea! Hor hautsi zen partidua. Ezkurra ia zuzenean iritsi zen bukaerara. Azkenean, 30-24, inoizko erremontistarik onenaren alde. Koteto Ezkurrak hizki bereziz idatzi du bere izena, erremotearen historian.
Izan dena, eta izan litekeena
Bi generazioren arteko talka izan zen atzo Galarretan. Batek sobera erakutsi du zenbat den; besteak berriz, zenbat izan litekeen. Ezkurrak indar hartu du datozen urtetarako, eta San Miguelek binakakoan du hurrengo erronka, bi hilabete barru.
Galarretak ere arnas hartu zuen atzo, aspaldiko betekada haundienarekin: 1.000 lagun.