Kantu eta dantza festa eskainiko dute gaur Porrotx eta Marimototsek kiroldegian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Irrien Lagunak ikuskizuna iritsiko da Hernanira, ikasturte berriarekin batera, Lau Haizetara Akordeoi Taldeak eta AEK euskaltegiak antolatuta, eta Hernaniko Udalaren laguntzarekin.
Irrien Lagunak diskoko kantak kantatuko dituzte, eta baita kantu herrikoiak eta disko zaharretakoak ere. Ordu eta erdiko ikuskizuna izango da, eta beste hainbesteko muxu banatzea, «txokolatezko muxuak, marrubizko muxuak, eta gusto guztietako muxuak... Hernaniko ume eta heldu guztientzat».
Musikari eta kantariak tabladuan izango dira
Kantua eta dantza dira gaur nagusituko direnak, kiroldegiko tabladuaren gainean, eta horregatik, Pirritx eta Porrotxen diskoetan musika eta kantu ardura duten bi lagunak tabladu gainean ariko dira: Xabier Zabala musikaria eta Idoia Uralde abeslaria. AEK euskaltegiko kideek ikasturtearen txupinazoa botako dute gaur, joan den urtean bezala, eta Lau Haizetara taldeko akordeoilariek sorpresa prestatua omen dute. Lau Haizetara Akordeoi Taldea osatzen dute: Hernani, Lezo, Irun eta Mutrikuko Udal Musika Eskoletako akordeoilariek.