Zikuñagako Amaren aldeko komisioak deituta, martxa bat egingo dute gaur, 12:00etan, Zikuñaga auzotik, papelera atariraino, Zikuñagako Ama eta Ermita bueltatzeko eskatuz. Martxaren lema honakoa izango da: Zikuñagako Ama non da? Ermita noizko? Komisiotik dei egiten diete hernaniar guztiei bertara azaltzeko.
31 urte Amabirjinik gabe eta 23 Ermitarik gabe
Zikuñagako Ama 1979an lapurtu zuten, Ostegun Santu gauez, eta ordutik ahalegin asko egin dituzte Hernaniko herritarrek irudi hori non dagoen jakin, eta berreskuratzeko. Udara aurretik, herri plataforma berria sortu zuten hainbat herritarrek, Zikuñagako Amabirjinaren komisioa deitu diotena. Komisioak bi helburu ditu: Zikuñagako Amabirjina berreskuratzea, eta 1987an botatako Ermitaren ordezkoa egiteko bultzada ematea, orduan hitzartutakoa betetzeko.
Hernaniarren patrimonioa eta zaindaria
Komisioak dionez, hernaniarren patrimonio kulturala da Zikuñagako Ama, «XIIItik da gure patrimonioa, eta fededunek mantendu eta zaindu dute, ez beste inork. Gaur egun, oraindik, etxekoandre asko dira Zikuñagako Amabirjinari kandela pizten diotenak». Jakinarazi dutenez, lehenengo aipamen historikoa 1539koa da eta 1954an, Hernaniko zaindari gisa izendatu zen.