Denboraldi bukaera bakoitzean, merkealdietako Stock Azoka antolatu ohi du Berriak elkarteak, Hernaniko merkatari eta tabernarien elkarteak. Hori horrela, udako merkealdietan saldu gabe geratu diren produktuen azoka antolatu du datorren ostiral eta larunbaterako. Udako arropa eta osagaiak merke-merke erosteko azken aukera izango da. Ostiralean arratsaldez izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean goizez, 10:00etatik 14:00etara.
Oraingoan bi egunez,
ostirala aprobetxatzeko asmoz
Orain arte antolatutako Stock Azokak larunbatetan izan dira, baina oraingo honetan bi egunetan, ostiral eta larunbatean banatzea erabaki du Berriakek. Larunbat arratsaldetan Hernanin ez dela erosketak egiteko ohiturarik izaten azaldu dute elkartetik eta orain arte, azoka 10:00etatik 19:00etara izanda, 14:00etatik 18:00etara ez zela inor ibiltzen. «Absurdua da larunbat arratsaldetan jartzea, azoka hilda egoten da eta ostiral arratsaldetan mugimendu pixka bat izaten dela aprobetxatuko dugu», azaldu dute.
16 postu eta eskaintza
ezinhobeak
Hernaniko dendetako 16 postu izango dira azokan. Batez ere arropa izango da erosgai, heldu eta umeentzat. Kirolerako arropan ere eskaintza zabala izango da oraingo honetan. Gainera, prezio ezinhobean eskuratzeko aukera izango da, merkealdietan baino merkeago jarriko baitituzte produktuak.
Hori horrela, aurreko azoketan bezala, jendea ibiliko dela espero dute antolatzaileek. Eta ibili bakarrik ez, gerturatzen denak beti pikatzen duela zerbait azaldu dute.
Txu-txu trena haurrentzat
Azokan haurrei zuzendutako ekintzak ere jarri ohi dituzte, hala nola, puzgarriak, tailerrak... Oraingo honetan, Txu-txu trena izango dute.