-IÑIGO GOÑI-
Badira jada 32 urte Hernaniko trainerua Kontxarako sailkatzen ez dela baina ia urteroko legez ez da hernaniarrik faltako bihar arrauneko estropadarik handienean, Kontxako Banderan. Hondarribiko tostetan Arkaitz Goñi ariko da arraunean eta Orion Unai Lasarte. Gainera, Kontxako estropada irabazi duten hernaniarrak ere badira, ez asko egia esan, lau guztira. Unai Lasartek eta Arkaitz Goñik ederki ezagutzen dituzte denak ere senitartekoak edo ezagunak baitira.
Jauregi auzoko haizeak badu zerbait nahiz itsasoko auzoa ez izan. 1973 urtean inguruko bost arraunlari zeuden Kontxa irabazi zuen Lasarte Michelingo tostetan. Horietatik hiru hernaniarrak, Arkaitzpe baserriko Jose Luis eta Miguel Mercader, eta Soila-Eneako Jose Luis Lasarte, Unairen aita. Traineruko kide ziren baita Telleri baserriko Manuel eta Juan Arteaga, nahiz eta Telleri baserria Urnieta izan garai hartan (gaur egun, Lasarte).
22 urte igaro behar izan ziren berriz ere hernaniar batek Kontxa irabazi zedin. Luis Goñik lortu zuen, 1995 urtean Donibaneko Arraunlariak taldeko tostetan. Bere lehendabiziko Kontxa zen. Gero beste bi gehiago bereganatu zituen 1998 eta 2000 urteetan Orioren elastiko horia defendatuz. Luis, Arkaitz Goñiren anaia da eta biek ere lotura estua dute Jauregi auzoarekin. Beren ama Zabalo-Enea baserrikoa baita.
Kronikak protagonista guztiak, ezinbestean Jauregin, Saretxo jatetxean elkartu ditu eta garai bateko eta gaur egungo arraunaren inguruan solasaldi ederrean jardun dira. Iganderako pronostikoa ere eman digute.
«1973 urtean Lasarte-Michelinekin irabazi genuen Kontxa» azpimarratzen dute Mercader anaiek eta Jose Luis Lasartek. Hirurak ere Hernanirekin arraunean ibilitakoak dira. Jose Luis Lasarte Hernanin hasi zen arraunean 1970 urtean eta 1971ean Lasarte-Michelinera joan zen. Jose Luis Mercader ere 1972an Hernanin hasi eta urte horretan bertan Lasartera joan zen anaiarekin batera eta 1978an berriz ere Hernanin aritu ziren. «Hura izan zen Hernaniko trainerua Kontxara sartu zen azken urtea. Pena izan zen Elorrabin sanjuanetan gertatu zen istripua. Ni bertan nintzen eta ez dakit nola libratzea lortu nuen» dio Jose Luis Mercaderrek. Beste batzuek ez zuten zorte berdina izan. «Horren ondorioz hilabete bakarra entrenatu genuen eta hala ere paper bikaina egin genuen denboraldian eta Kontxako estropadan».
Miguel ere bertan zen eta hura izan zen bere azken urtea arraunean. «Guztira bost-sei urte egin nituen arraunean». «Nik zazpi-zortzi» gaineratzen du Jose Luis Lasartek. Urte gehien arraun egin zuena Jose Luis Mercader izan zen. 1975 urterarte Lasarten aritu zen, 1976 eta 1977an Orion, 1978an Hernanin eta 1979 bere arraun ibilbidea Orion amaitu zuen.
«Ikusten dudanez Hernaniko traineruan arraun egin ez duen bakarra ni naiz» dio Luis Goñik. «Hala da» erantzuten du bere anaia Arkaitzek. «Unai eta ni ere Hernanin arraun egindakoak gera, 2000 urtean nik».
«Justu galdutakoen arantza betirako geratzen da»
Laurak ere oroitzapen politak dituzte irabazi dituzten Kontxako banderen inguruan. «Sei Kontxetan arraun egin nuen» dio Lasartek. «Juan Artegarekin batera joan nintzen Lasartera eta bigarren egin genuen Orioren atzetik» gaineratzen du. Miguel halterofilian hasi zen eta segituan utzi eta gero lehendabiziko urtean jada Kontxan arraunean zen 1972an. «Hurrengo urtean 19 urterekin irabazi nuen Donostiako estropada».
«Urte ederrak izan ziren» diote hirurak ere, baina arantza badute barnean. «Kontxa bat baino gehiago irabazteko ontzia genuen. 1974an trainerurik hoberena ginen dudarik gabe» dio Lasartek. «Ihes egin zigun banderak Orioko Altxerri patroia aurrean gurutzatu eta gero» gaineratzen du Jose Luis Mercaderrek. «Maniobra itsusia izan zen, gero ere Bilbon Espainiako Txapelketan paretaren aurka bidali zigun eta Oriok eraman zituen bi estropada haiek, baina ez legez».
Luisek ere bizi izan ditu halakoak nahiz eta hiru Kontxa irabazi. «2001ean segundu bat baino gutxiagogatik galdu genuen Kontxa istilutsu hura. 1999an ihes egin zigun ikurriñak bi segundurengatik aurreneko jardunaldian huts egin eta gero. Hoberenak ginen baina... Galtzen dituzunak hobe gogoratzen dira eta oraindik ere amorrua sortarazten dute». «1976 Orion nik ere antzeko egoera bizi izan nuen» gaineratzen du Jose Luis Mercaderrek. «Bi txandak irabazi genituen, bigarren jardunaldian Pedreña garaileari ongi irabaziz Ohorezko Txandan, baina banderarik ez genuen lortu, lehen saioan kendu zizkiguten segunduengatik».
«Gure garaitik materiala aldatu da gehien»
Garai arteko arrauna eta gaur egungoa alderatuz denen ustez gehien aldatu dena materiala izan da. «Dudarik gabe herramienta izan da hobekuntza nabariena. Eta herramientaren barnean arraunak». Miguel Mercaderren esanetan «gure egurrezko arraunak izugarrizko pisua zuten eta beruna jarri behar izaten genion kontrapisua egiteko». Denak ere Kortarekin arituak ederki ezagutzen dute Ortzaikakoa. «Maisua da» dio Lasartek. «Gure entrenatzailea zen, nahiz eta askotan inguruko beste askok oztopoak jarri».
Lasarte Michelin talde berezia zen. «Orion, Donostian eta Pasaian entrenatzen genuen. Ondarretatik botatzen zen txalupa eta Orion Ortzaikatik. Trainerua Zubietan uzten genuen Zalduarenean».
«Oso ongi prestatuak geunden. Realeko Zapirainek prestatzen gintuen» argitzen dute. «Gero gainera lan orduak galtzen bagenituen 100 pezeta edo ematen zizkiguten entrenamendu bakoitzeko» dio Lasartek. «Beno nik ez nituen usaindu ere egin inoiz» argitzen dio Miguel Mercaderrek. Hor ere kategoriak zeuden dirudienez. «Galiziara edota Kantabriara joaten baginen bi egun egoten ginen hotel batean, Solaresen esaterako. Hori Orion ez zen gertatzen. Oriotarrak bueltan etortzen ziren etxera edo egun berean joaten ziren. Gu pribilejiatuak ginen alde horretatik», diote hirurek. Fermin Altuna, Hernaniko Alkatea eta entrenatzaile izandakoa zuten delegatu eta Kortaren laguntzaile.
«Arraunkera aldatu da, baina lehen esan bezala herramientak zerikusi handia du aldaketa horretan. Guk 42 paladetara egiten genituen estropadak. Hortik gora gaizki ibiltzen ginen eta behera ere ontzia ez zebilen ongi. Gaur egun desberdina da».
Luis Goñik Pasai Donibane eta Oriorekin irabazi ditu hiru Kontxako Banderak. Igeriketa utzi eta gero hasi zen 1992an eta 15 urte jarraian arraun egin eta gero berriz ere igerian dabil. Bi taldeak ezagutzen ditu eta biekin Kontxa irabazi duen bakarra da. «Sanjuandarrek izugarrizko kasta dute, beroak dira. Oriotarrak berriz hotzagoak, zientifikoagoak».
Lauk Kaiku faborito, bakarrak Urdaibai
Biharko estropadari begira Kaiku da faborito eta sestaotarrak ikusten dituzte nagusi bai Mercader anaiek, bai Jose Luis Lasartek eta bai Arkaitz Goñik ere. «Arraunean ederki egiten dute. Irteera bizia dute eta aurrea hartzen badu gora etorriko da». Hala ere Luis Goñi ez dator bat iritzi horrekin eta Urdaibai jotzen du irabazletzat. «Igandean Kaikuk zortea izan zuen lehen txandan. Puntetara iritsi zirenerako Urdaibai sei segundo zen Kaikuren atzetik eta beraien tanda ongi menderatzen ari ziren. Hori ez da batere normala. Irteeran kristoren desabantaila izan zuten. Nahiz amaieran abantaila izan kaltea handiagoa da. Gainera Kaikuk justu xamar amaitu zuen».
Hondarribia eta Orioren papera aztertzerakoan zera esaten du Jose Luis Lasartek, Unairen aitak. «Bigarren txandan ateratzea kalterako izan leike. Beraien helburua postua mantentzea izango da».
Hondarribiaren helburuari dagokionez Arkaitzek argi du zer nahi duten. «Igandean oso estu ibili ginen lau talde, lau segundutan, eta txanda irabazten badugu ziur nago laugarren postua behintzat gurea izango dela».
Luisek ere hala uste du. Bera izan da azken hernaniarra Kontxa irabazten eta hurrengoa nor izango den galdetuta zera dio. «Nire anaia Arkaitz izatea gustatuko litzaidake noski, baina Hernanin arraunlariak irtetea zaila da eta are eta gehiago Hernanik traineru lehiakorra edukitzea».
«Talde txikientzat legeak gogortu egin dira eta egun Hernanik trainerua osatu nahi balu derrigorrean behetik hasi beharra dauka eta horretarako urte dezente behar dira. Katea eten da eta orain zaila da» dio Arkaitz Goñik.
Denak bat datoz itsasoa edota ibai luzerik ez izateak dituen eragozpenak. «Hernanik ez dauka ez itsasorik, ez eta ibaian luzaroan nabigatzeko lekurik. Zaletasuna Kontxara mugatzen da. Gaztetxoek nahiago dituzte beste kirolak. Hau ez da Hondarribia, Pasaia, Orio edota Zumaia».