Hiru txapela eta Pelotari Onenaren Saria Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 2a, 02:00

Julen Etxenike, Markel Lizeaga eta Eñaut Esnaola pelotari hernaniarrek Patxi Montes Torneoko finalak irabazi zituzten herenegun. Eta Lizeagak, txapelaz gain, Pelotari Onenaren Saria jaso zuen txapelketa osoan erakutsitako mailagatik. Etxenike eta Lizeagak jubeniletan jokatu zuten Mugika eta Labakaren aurka, eta 22-13 irabazi zuten. Bi hernaniarrek oso ondo jokatu zuten, baina batez ere, Lizeaga nabarmendu zen. Erabat dominatu zuen partidua hasiera hasieratik. Esnaolak senior mailan jokatu zuen finala Errasti aginagarrarekin eta 22-15 irabazi zieten Iriarte eta Aranori. Norgehiagoka gogorra eta luzea izan zen. Esnaolak oso partidu ona egin zuen. Huts egite gutxi egin zituen eta asko arrimatu zuen pelota. Errasti ere fin aritu zen. Partidu erdira arte oso parekatua izan zen lehia, baina nafarrak nekatu egin ziren eta, azkenean, hernaniarra eta aginagarra nagusitu ziren.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!