Gaur hasiko da martxan herri barruko autobusa, udaran geldirik egon eta gero. Bi ibilbide izango ditu, eta aldaketa haundirik ez du, aurreko urteko ordutegi eta ibilbidetik. Hernani Institutura igotzeko aukera izango da goizetan, eta euskaltegira ere bai. Ur Parkean ere geratuko da, denboraldian zehar.
Bi ibilbide nagusi egingo ditu herri barruko autobusak, Urbieta kaletik abiatuta. Batetik, Etxeberri eta Antziolara joango da. Autobus hori ibiliko da maizena, ia orduero ibiliko baita (13 aldiz guztira), goizeko 07:45etan abiatuta. Bestetik, Zikuñagara joango da. Ibilbide horretan, autobus gutxiago izango dira, bost guztira; lehenengoa Zikuñagatik abiatuko da (08:10etakoa), ez Urbietatik. Larunbatetan murriztu egingo du bidaia kopurua, eta lau bidaia egingo ditu, ibilbide bakoitzean.
Agustin Iturriagara, Euskaltegira, eta Ur Parkera
Urbietatik abiatuko dira autobus guztiak, Zikuñagako lehendabizikoa izan ezik. Urbietatik abiatu, eta Hernaniko beheko auzo guztietara joateko aukera izango da. Horrez gain, goizean goizeko autobusa Hernani Institutura igoko da, 07:45etakoa. Hurrengoa, 08:30etakoa, Euskaltegian ere geratu egingo da (anbulategi zaharrean), eta Ur Parkean ere bai, denboraldia den bitartean.
14:30etakoa, Zikuñagatik hilerrira eta Instituturaino iritsiko da.
Lurraldebus txartelarekin bai
Enpresa berriak gestionatuko du herri barruko autobusa, lehengoak uko egin diolako lan horri. Dena dela, aldaketarik ez da izango prezioan, eta Lurraldebus txartela ere erabili ahal izango da, orain artean bezala.