Gaur ez da suziririk entzungo Hernanin, Portuko jaiak bukatu diren seinale. Hiru egunez auzoa eta herria girotu ostean, atzo bukatu zituzten auzotarrek San Joan Txiki jaiak eta horiekin batera, baita munizioa ere, azken trakak agerian utzi zuen bezala. Eta aurretik, egun osoan zehar, ez zen girorik falta izan. Goizean, Paul Ojuel eta Unai Alvarez pelotariek jarri zuten saltsa errebantxako partidua jokatuta. Nahiko kostata, baina azkenean Alvarezek irabazi zuen, 30-27, hain zuzen ere.
Ondoren, Hernaniko Bertso Eskolatik Agin Rezola, Iñaki Zelaia eta Jon Eizmendi aritu ziren bertsotan. Eta bertsoak entzun bitartean, inguruko 10 sagardotegitako sagardoa probatzeko aukera izan zen, txorixo mokadu eta guzti. Giroan jarraitu eta bertan bazkaldu nahi zutenek ere izan zuten aukera, auzo bazkaria egin baitzen. 50 lagun inguru bildu ziren bertan.
Dantza erakustaldian,
plaza betea
Arratsaldean Ainara Dantza Eskolako ikasleek Funky eta Batuka erakustaldia eskaini zuten eta ikusmin haundia sortu zuen. Plaza lepo bete zen. Herri kirolek ere saltsa jarri zuten plazan. Bertan izan ziren, besteak beste, Perurena aita-semeak.
Ilunabarretik aurrera, arratsaldean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zen Laket taldearen dantzaldiarekin.