Mitxelena: «Nik Alexanderri eutsiz gero, Goenaga nagusituko da»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 28a, 02:00

«Mitxelena segalari onena izandakoa da; esperientziduna, eta izan leiken maixurik onena». «Goenagari buruz gauza ona besterik ezin dut esan. Oso segalari ona da, lan asko egindakoa, eta oso dotorea». Bi euskaldunek elkarrekin entrenatu dute azken hilabeteetan; estimu haundia diote elkarri, eta kontrarioa ondo ezagutzen dute. Ilusioz daude gaurko desafiorako.

Esaten dutenez, asko entrenatu zarete gaurko desafiorako.
Mitxelena: astean 10 orduz entrenatu gara, gutxi gorabehera. Fondoa landu dut nik hasieran, 5 urte luzez txapelketak utzita egon naizelako. Men­­dian luze ibili naiz eta segan ordu eta erdiko entrenamenduak egin ditut.  
Goenaga: Ordu batzuk pasa ditut. Hazilan (aza­roa) er­ditik ari naiz prestatzen, korrika, mendian, gimnasioan... eta segan ere bai.

Desafioa iri­tsi bezala, segan prestatu gara gehiago. Or­duerdiko entrenamenduak egin ditugu, elkarrekin. Txanda librean, maila motxa hartuz entrenatu gara; baten segidan bestea. Banaka baino gehiago behar­tzen da horrela. Joan den astean, lau entrenamendu fuerte egin ditugu; aste honetan lasaiago gabiltza.

Kontrarioak ezagutzen dituzue.
Mitxelena: Ezagunak ditugu. Spri­nean oso onak dira. Alexander figura bat da, gaztea, azkarra eta indartsua. Stefanek oso ondo egiten du segan. Ez da hain esplosiboa, baina iraupen probarako egokia da oso. Iaz Zal­di­bia­ra etorri zirenean, 400 metroko proban lan ona egin zuten biek ere, eta ez zeuden asko entrenatuta. Gaur ez da horrelako konturik izango Jauregin; gaur entrenatuta datoz.

Eta zein pronostiko duzue gaurko desafiorako?

Mitxelena: Nik Alexanderri eusten badiot, uste dut Goenaga nagusituko dela. Ez dakidana da Alexanderrek zenbat emango duen. Entzun dugu 1,35 metroko segarekin datorrela. Hori gurea baino 20 cm luzeagoa da. Mugitzen kostako zaio, baina 30 minutuz hori mugitzeko gauza bada, lan ikaragarria egingo du. Jo ezazu, sega horrekin 2,80 metroko mailak ebakiko dituela; guk 2,50 metrokoak ebakitzen ditugu.
Goenaga: Besteek zer egingo duten ezin izaten da jakin. Guk irabaztera joan behar dugu. Badakigu, etxean egindakoa egiten badugu, belar asko ebakiko dugula.

Belarra ikusi duzue. Ona al dago?

Goenaga: Bibelarra dago (bi ebakialdikoa). Belar ona dago, eta zoru ona dago, satorrik gabea. Belarra ez da ai­tzakia izango gaurko desafioan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!