«Entrenatuta gaude, eta haiek baino gazteagoak gara»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 28a, 02:00

Hori da bi gazte alemaniarrek daukaten aldea, euren iritziz. 30 urte ditu Stefan Heinzek, eta 21, Alexander Sch­mi­tek. Azaroaz geroztik ari dira gaurko apustua prestatzen, eta «alturan egongo direla» uste dute, erronkari eusteko.

Errez prestatu al duzue gaurko saioa? Gaur ordubeteko lana egin behar duzue, eta zuek 3-5 minutu egiten ohituak zaudete.
 
Azaroan hasi ginen entrenatzen. En­tre­namendu bereziak egin ditugu, irau­pena lantzeko. Neguan gimnasioan eta bizikletan ibili gara. Uda­be­rritik aurrera, belarra hazitakoan, as­tean 12 ordu inguruz entrenatu gara. Normalean udan bakarrik aritzen gara, bi aldiz astean, 2-3 orduz.  

Sega eskola daukazue Murrhardt herrian. Han entrenatu al zarete?
Bai. 40 segalari gara el­kartean. Entre­na­men­duetan 15-20 lagun izaten gara, eta denak pres­­tatu gara gaurko apus­­turako; ez gu ba­karrik.

Biltzaile lanak beraiek egin behar dituzte...
Bai, horregatik. Belarra beraiek bildu behar dute, eta asko entrenatu dira, hemengo baldintzetara ohitzeko. Guk segan egin dugu eta beraiek biltzen entrenatu dira; eta denborak hartzen, eta pisatzen...     

Mitxelenak eta Goenagak badakite zer den ordubetez segan aritzea. Hori beraien alde izango dute.
Bentaja hori izango dute. Gainera, Mitxelena eta Goenaga ezagutzen ditugu, segalari onak dira, eta ondo prestatuta etorriko dira. Guk daukagun bentaja da, adina; gu gazteagoak gara; hori gure alde. Ondo prestatu gara, eta alturan egongo garela uste dugu, erronkari eusteko.

Iaz Zaldibian koinziditu genuen, txapelketa batean, eta denok dakigu zenbatsu emango duen besteak. Txapelketa hura euskaldunek irabazi zuten. Gu entrenamendu gutxirekin etorri ginen, baina emaitza nahiko txukunak lortu genituen.

Horrelako txapelketa baten ondoren  sortu zen apustu hau ere, ezta?
Oso harreman ona dugu hemengo segalariekin. Asko hitz egiten dugu segari buruz, eta horrelako proba baten ondoren, lagunarteko eztabaida sortu zen, abiadura/iraupenari bu­ruz. Hor piztu ziguten harra iraupeneko pro­ba baterako, eta halaxe iritsi gara honaino.

Ez dugu aipatu ga­be utzi nahi, Zaldibian izan ginenean, oso on­do hartu gintuztela, eta harreman ederra egin genuela hemengo segalariekin. Asko gustatu zitzaigun hemengo giroa, eta horregatik ere etorri gara hona.

Talde haundia etorri al zarete?
20 lagun etorri gara. Bi segan ariko gara; beste 8 biltzaile lanetan; eta besteak ikustera eta animatzera etorri dira.

Jakin dugu, ikusmina piztu duela Alemanian, gaurko desafioak.

Bai. Ikusmin haundia dago, jakiteko, nola bukatuko den desafio hau. Alemania hegoaldekoak gara gu, Stutgart ondokoak (Ohian Beltzaren ondokoak), eta hemen afizio haundia dago segarako. Tokiko prentsak elkarrizketak egin dizkigu, eta irrati erregionalean ere anuntziatu dute, Ale­ma­nia hegoaldeko SWR irratian. Murrhardteko Udalak ere asko lagundu digu; gustatzen zaie  guk nazioarteko ekitaldietan parte hartzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!