Kanta eta dantza festa izango da igandean kiroldegian, Porrotx, Mari Motots eta Irrien Lagunak ikuskizunarekin. Azken diskoko kantak, kanta herrikoiak, Imanol Urbietarenak... denetik izango da ikuskizunean, «festa haundi bat» izango dela adierazi zuten antolatzaileek, atzo prentsaurrean.
Lau-Haizetara akordeoi taldea eta AEK euskaltegiaren aldeko festa da igandekoa, eta Hernaniko Udalak laguntzen du. Lau Haizetara osatzen dute, Hernani, Lezo, Irun eta Mutrikuko Udal Musika Eskoletako akordeoilariek, eta diruaren zati bat beraientzat izango da.
Ekitaldia igandean izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita, eta 17:00etan irekiko dituzte ateak. Sarrerak salgai daude Meri goxo-dendan, eta Elkar liburu dendan.
‘Irrien Lagunak’ diskoa kalean, eta laster DVDa
Igandeko ekitaldian Irrien Lagunak ere kiroldegian izango dira. Musika eta dantza oinarri izango dituenez, Xabier Zabala eta Idoia Uralde musikariak tabladuan izango dira, eta Hernaniko soinu-joleek ere sorpresaren bat emango dute. Azaroan atera zuten diskoa, hainbat gai biltzen zituena: koloreak, heriotza, inmigrazioa, bizitza, emozioak... Maialen Lujanbio hernaniarraren Irrifarrak kanta diskoan da, eta Jon Maiaren Agur Abuela Maria Luisa ere bai, besteak beste. Diskoari bukaera eman, eta DVD berri baten hasiera aurreratu zuen Joxe Mari Agirretxek. «Ikasturtearekin batera hasiko dugu proiektu berria: DVDa eta ikuskizuna». «Irail bukaeran, Pirritxen umeak ezagutuko dituzue, Pupu eta Lore pailazo txikiak. Osasunari buruz ariko gara, Naturari buruz, Zientzia, Kultura... eta pertsonaia berriak: Tiritatxo, Mari Kalanbre edo Martin Bertso, Martinber lagunentzat».
DVDaren zati bat Hernanin aurkeztuko dute urriaren hasieran, Hernanin egindakoa delako, Bide Heziketari buruzko bideo-klipa.