Akordioa dela eta, Gipuzkoako 34 jatetxek (Zarautz, Tolosa, Hondarribi triangeluaren barrukoak) 15 sarrera izango dituzte astero beraien bezeroei oparitzeko. Bezero horiek aukera izango dute astero Galarreta pelotalekuan jokatuko diren erremonte saioetara doan joateko (astearte, ostegun edo larunbatetan). Hernaniko Fagollaga eta Astigarragako Kako jatetxeak daude ekimenaren barruan. Sarrerak banatzea establezimenduko jabeen esku egongo da. Akordioa 6 hilabetekoa izango da, hasteko, eta ematen dituen emaitzen arabera, aukera izango da luzatzeko.
«Gipuzkoako kultura ezin da ulertu gastronomia eta pelota gabe»
«Gipuzkoako kultura ezin da ulertu gastronomia eta pelotarik gabe. Horregatik, Galarretako kudeatzaile berriek erremontea promozionatzeko elkarlana eskatu zigutenean, Gipuzkoako Ostalarien jarrera laguntzekoa izan zen, guztiz, lehenengo momentutik», azaldu zuen Mikel Ubarrechena Gipuzkoako Ostalaritzako presidenteak. Ostalariek erremontea bultzatzeko tresna izan nahi dute, «bezeroak animatuz Gipuzkoan sustrai indartsuak dituen kirol hau bizitzera». Hori horrela, turistak kontuan izan arren, batez ere bertako bezeroei zuzendua dagoela nabarmendu zuen.
Agente ezberdinen laguntza
Ubarrechenak gaineratu zuen, ostalariez gain, lurraldeko gizarte agente ezberdinen babesa jaso behar duela erremonteak. Hilario Arbelaitz Zuberoa jatetxeko jabeak ideia berari eutsi zion: «Gastronomia ez da jatea bakarrik. Ekintzak, ikuskizunak ere behar dira. Erremontea behar da. Eta berdina gertatzen da beste arloekin. Elkarri lagunduta, denok irabazten aterako gara».
Francis Sistiaga Oriamendiko gerenteak eskerrak eman zizkien ostalariei, eta azpimarratu zuen erremontea berriz indartzeko asmoz ari direla lanean, eta gogor jarraituko dutela zeregin horretan.
34 jatetxe-erretegi daude hitzarmenean
- Fagollaga, Hernani
- Kako, Astigarraga
- Akelarre, Donostia
- Aldanondo, Donostia
- Arbelaitz, Donostia
- Arzak, Donostia
- Bernardo Etxea, Donostia
- Beti Jai, Donostia
- Bokado, Donostia
- Branka, Donostia
- Gandarias, Donostia
- Illarra, Donostia
- Irutxulo, Donostia
- La Muralla, Donostia
- Lanciego, Donostia
- Narru, Donostia
- Portuetxe, Donostia
- Saltxipi, Donostia
- Txokolo, Donostia
- Urepel, Donostia
- Urola, Donostia
- Via Fora, Donostia
- Versalles, Errenteria
- Alameda, Hondarribia
- Beko Errota, Hondarribia
- Real Golf Club, Hondarribia
- Patxiku Enea, Lezo
- Zuberoa, Oiartzun
- Katxiña, Orio
- Izkiña, Pasaia
- Burruntzi, Tolosa
- Casa Julian, Tolosa
- Aiten Etxe, Zarautz
- Olentzo, Zizurkil