Paul Ojuel pelotari hernaniarra, Orioko Aranalde pelotariarekin batera, Aste Nagusia Torneoko txapelduna da finala 22-10 irabazita Arraztoa-Otxandorena bikote nafarrari. Garaipen horrekin, Ojuelek errebantxa hartu dio Otxandorenari, izan ere, orain gutxi jokatu den Antiguako Txapelketan bera izan zen hernaniarra kanporatu zuena.
Partiduari dagokionez, ez zen partidu ona izan, nafarrak ez ziren Trinitateko frontoira egokitu eta huts asko egin zituzten. Aranaldek bere lana ondo bete zuen eta Ojuelek nahi bezala gidatu zuen partidua behar izan zuenetan. Dudarik gabe, txapelketako pelotaririk onena izan zen hernaniarra. Hala, Ojuelek denboraldi honetan lortu duen lehenengo txapela da Donostian irabazitakoa. Guztira 5 final jokatu ditu eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketetako azpitxapeldun da, besteak beste.
Aizpitartek final parekatua eta Gorrotxategi faborito
Eneko Aizpitarte eta Aitor Gorrotxategik Dinastia Etxabe Torneoko finala jokatuko dute bihar Zestoan, 22:00etan. Aizpitartek jubeniletan jokatuko du Santxo Usurbilgo pelotariarekin. Azpeitiako Landa-Aizpuru bikotea izango dituzte aurrez aurre eta partidu parekatua aurreikusten da.
Gorrotxategik berriz, senior mailan jokatuko du Soraluzeko Atxotegi pelotariarekin. Hernandez-Diez bikote bizkaitarraren aurka lehiatuko dira eta eurak dira faborito.
Esnalek norgehiagoka zaila
Bihar beste hernaniar batek ere jokatuko du finala: Iñaki Esnalek, hain zuzen ere. Angeluko Torneoko finala jokatuko du 21:00etan, Lapurdiko herrian. Esnalek Iparraldeko Erreka II pelotariarekin jokatuko du Etxeberri eta Iriarteren aurka. Partidu zaila espero da eta aurkariak dira faborito.