Pobre de mi berezia abestuta bukatuko dituzte festak gaur Ergobin. Hori 02:00etan izango da, baina aurretik, egun osoan ez da ekintzarik faltako. Goizeko 10:00etan Dianarekin esnatuko da jaigiroa eta ondoren, eguerdiko 12:00etan, idi probaren bigarren eta azken ekitaldia izango da. Bertan erabakiko da aurtengo txapelduna zein den. Izeta, Telleria, Illarreta eta Intxarburu dabiltza lehian eta oraingoz Telleriaren idi pareak egin du markarik onena: 82 plaza, 1m eta 10 cm. Izetak 81 plaza, 3 zinta, 5m eta 40cm lortu zituen atzoko saioan. Gaur beste biak ariko dira.
Idi demaren ostean, bazkari herrikoia izango da plazan eta 18:00etan pailazoen emanaldia. Gaueko 00:00etan, berriz, Super heroiek ikuskizun paregabea eskainiko dute.
838kg-ko aldea
Atzo arratsaldean herri kirolak izan ziren. Joxe Ramon, Jexux Mari eta Hodei Izeta, Iñaki eta Iñaxio Perurena, Aimar Irigoien eta Urdax aritu ziren harrijasotzen. Erakustaldiaren barruan, Joxe Ramon eta Hodei Izeta Jexux Mari Izeta eta Aimar Irigoienen arteko desafioa izan zen, zein bikotek altxako kilo gehien. Hiru harri ezberdinekin (125kg-ko errektangularra, 113kg-ko kubikoa eta 100kg-ko bola) 2 minutuko saioak egin zituzten eta Jexux Mari Izeta eta Irigoien nagusitu ziren. Guztira 10.151kg altxa zituzten; besteek baino 838kg gehiago.
Gaurko egitaraua
10:00 Diana.
12:00 XLVI Ergobia Saria Idi Proba.
14:30 Bazkari herrikoia plazan. Tartean musika emanaldia Modestoren eskutik.
18:00 Potxin eta Patxin pailazoak.
00:00 Super heroiek ikuskizun
paregabea eskainiko dute.
02:00 Festei bukaera emateko ‘Ergobiko pobre de mi’.