Casino Kursaal Banakako Txapelketaren barruan, finalerdietako ligaxkako partidua jokatuko dute Uterga eta Juaristik gaur. Partidu erabakigarria izango da; izan ere, Juaristik 30-19 galdu zuen finalerdietako lehenengo partidua San Miguelen aurka eta txapelketan jarraitzeko nahitaezkoa du gaur irabaztea. Utergak finalerdietako lehenengo partidua izango du gaurkoa eta irabaziko balu, Juaristi kanporatu eta San Miguelen aurka jokatuko luke finalerako pasea. Doneztebeko aurrelari gazteak lehenengo aldiz hartu du parte Casino Kursaal Txapelketan eta ziurtatu du ez duela inongo presiorik sentitzen. «Hemen egotea sari bat da eta lasai jokatuko dut. Ondo sentitzen naiz eta partiduari ez diot beldurrik». Eta gaineratu du sakean egongo dela gakoa.
Beste hiru norgehiagoka
Uterga eta Juaristiren arteko norgehiagokaz gain, beste hiru partidu ere jokatuko dira gaur Galarretan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera: Urrutia II-Olazar/Zulaika-Barrenetxea IV (35 tantotara); Ezkurra-Ion/Urriza-Etxeberria III (40 tantotara); eta Etxeberria IV-Aizpurua II/Zubizarreta-Agirresarobe (30 tantotara).