Ergobiko festak azken esprinean sartu dira, eta herri kirolek hartuko dute protagonismoa. Gaur harrijasotzaile onenak ariko dira Ergobin: Izetatarrak, Aimar Irigoien, Perurena aita-semeak eta Urdax gaztea. Erakustaldiaren barruan, desafioa jokatuko diote Irigoien eta Izeta IIIak, Izeta IIa eta Izeta IVari.
Idi-probak jendetza haundia biltzea espero dute aurten ere. Gaur lehenengo txanda jokatuko dute Lasarteko Telleriaren idiek, Aiako Izetaren idien kontra. Bihar Errenteriako Illarretaren idiak ariko dira Urnietako Intxaurbururen idien kontra.
Gaur gauean, abere-demak dituzte, Ereñotzuko Paolla, Hernaniko Zerain, eta Urnietako Mikel Garaialderen abereek, 800 kg-ko harriari tiraka.
Herreroa nagusi, sagardo lehiaketan
Errekorrak hautsi zituen atzoko sagardo lehiaketak. Jendetza inguratu zen Ergobira, eta agortu egin ziren jarritako 900 pintxoak. Irigoien Herreroak irabazi zuen txapelketa; bigarren Lizeaga izan zen; eta hirugarren Alorrenea. Toka txapelketa Eduardo Alvarez Errenterikoak irabazi zuen, 9 jota. Herritar onena Pedro Mari Mazizior, 6 jota.