Zikuñagako Ama 1976an lapurtu zuten, eta ordutik ahalegin asko egin dituzte Hernaniko herritarrek irudi hori non dagoen jakin, eta berreskuratzeko. Udara aurretik, herri plataforma berria sortu dute Hernanin, Zikuñagako amabirjinaren komisioa deitu diote, eta bi helburu ditu: Zikuñagako amabirjina berreskuratzea, eta ermita berria egiteko bultzada ematea.
«Zikuñagako festetarako emaitzak nahi ditugu»
2000 urtera arte, bazen plataforma bat, helburu berarekin lan egin zuena, Ignacio Iruin alkate ohiak bultzatuta. Plataforma berriak prentsa oharrean adierazi duenez, talde hark egindako lanari jarraitu nahi diote. «Helburu bera daukagu. Dagoeneko goi karguekin bilera pare bat izan dira, eta emaitzaren bat ikusi nahi genuke, Zikuñagako festetarako».
«Amabirjinaren irudia berreskuratzea ez da utopia»
31 urte pasa dira, amabirjinaren irudia lapurtu zutela. Komisioak dio, ezinezkoa iruditu arren, oraindik berreskuratu litekeela irudia: «hasieratik uste dugu amabirjinaren irudia inguru honetan dagoela, lapurtu zuten lekutik oso gertu. Zurrumurruak indarra hartzen ari dira, batez ere Zikuñagan».
Ermita berria,
Andola baserriaren ondoan
1973an, Obispatuak zortzi milioi pezetan saldu zion ermita, Papelera Guipuzcoanari. Hernaniko parrokiak, Andola baserri inguruan erosi zituen lurrak ermita berria egiteko, eta hori da, hain justu, komisioak desio duena. «Irudia agertu eta gero, ermita eraiki ahal izango da. Ermita horrek gainera, liburutegi bat edo aterpetxe bat izan ditzazke, Aste Santuetan, edo udaran erabili ahal izateko».
«Hernaniarron patrimonio»
Hernaniarren patrimonio kulturala da Zikuñako Ama, «XIIItik da gure patrimonioa, eta fededunek mantendu eta zaindu dute, ez beste inork. Gaur egun, oraindik, etxekoandre asko dira Zikuñagako amabirjinari kandela pizten diotenak».
1954tik ‘HERNANIKO ZAINDARIA’
-XIII mendekoa omen da. Lehen aipamen historikoa 1539koa da.
-Beltza da eta 68 cm ditu.
-1954an Hernaniko Patrona izendatu.
-1973an Papelera Guipuzcoanak eta Obispatuak Zikuñagako ermitako lurrak saltzeko tratua, 8 miloi pezetan.
-1974an protesta moduan 1904 firma bildu ziren.
-1976 baino lehenago ermita berria egitea zen tratua.
-1979an Zikuñagako Ama lapurtu egin zuten, Ostegun Santu gauez.
-1987an ermita bota egin zuten.