TXAPELKETAK alde batera utzi, eta udaran Torneoak izaten dira nagusi pelota munduan. Gaurkoan, Aste Nagusiaren bueltan, Donostiako Hiria Torneoa hasiko da, Atano IIIa pelotalekuan. Aurten berezitasun bat izango da, bikoteak mistoak izango dira. Bost bikotek hartuko dute parte, Aspe eta Asegarce enpresakoak, elkarren artean nahastuta: Mtz. de Irujo-Mendizabal II, Berasaluze VII-Begino, Titin III-Zubieta, Bengoetxea VI-Barriola; eta Xala-Apraiz.
Mendizabal eta Irujo batera aurreneko aldiz
Askotan jokatu dute elkarren aurka Oier Mendizabalek eta Juan Mtz. de Irujok, horien artean Binakako bi final, baina gaurkoan bikote izango dira. Berasaluze VIII eta Beginoren kontra jokatuko dute, Donostia Hiria Torneoko aurreneko partidua. Partidua gaueko 22:15etan hasiko den jaialdiko bigarrena izango da, eta sarrerak bi modutara eros daitezke: Atano IIIa pelotalekuan, 20:30etatik aurrera, edo 656 799 423 telefonoan erreserba eginda. Bi preziotako sarrerak jarri dituzte salgai, 15 eurokoak eta 35 eurokoak.