«Aranoko herriari emango dizkiot 40 urtetan ateratako argazkiak»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 18a, 02:00

Mikel Ruiz hernaniarra omendu zuten San Roke egunez Aranon, urteroko festaren barruan. Txistulariak, meza eta pelota izan ziren, urtero bezala.

SAn Roke eguna ospatu zuten astelehenean Aranon, urteroko gisara, eta aurten Mikel Ruiz hernaniarra omendu dute, urte hauetan guztietan egindako lanarengatik. Ruiztarrek garrantzia haundia izan dute San Roke eguneko festa antolatzen, urte askoan beraiek izan baitira lan hori egin dutenak. Herenegun, Aranoko Kon­tze­juan jaso zuen omenduaren pla­ka, bildutako jende guztiaren aurrean, eta esker oneko hitzak izan zituen guztientzat. «Erreko­nozi­men­du bat da hau, gusto haundiz egin dudan lan baten ordaina, eta poz haundia ematen dit».

64 urte, Aranori lotua
«Aranon ikasi nuen ibiltzen. Jaio nintzenetik etorri izan naiz Aranora. Gurasoek etxea hartu zuten bertan, eta gu beti egon izan gara Aranori lotuta. Berezia da niretzat Arano, nire bigarren etxea, eta bertatik ikusten dut gainera, Hernani».

40 urtetako argazki bilduma
Gutxi izango dira Mikel Ruizek adina argazki dituztenak Arano herriari atereak. Kronikari jakinarazi dionez, Aranoko herriari emango dizkio 40 urtetan atera di­tuen argazki guztiak. «Ar­gazkiak ateratzen egindako lan guztia eskaini nahi diot Aranori. Horregatik, 1968tik hona ateratako argazki guztiak Uda­la­ren esku utziko ditut».

Txistulariak protagonista
Txistua izaten da beste protagonista urtero Aranon, San Roke egunez, eta aurten 11 txistulari izan dira bertan. Pelotan Ander Lopez nagusitu zitzaion, 22-9, Julen Etxenikeri. Meza ere izan zuten, eta jende dezente bil­du zen, eguraldia lagun.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!