Aitor Gorrotxategi txapeldun, Burlatan

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 18a, 02:00

Aitor Gorrotxategi hernaniarrak irabazi zuen Burlatako txapelketa, joan den igandean, Mendizabal antzuolarra lagun zuela, eta Muguruza eta Galarragaren kontra. Mendizabalek erabaki zuen partidua, eta hernaniarrak ederki lagundu zion.

Aitor Gorrotxategik aurtengo bigarren txapela irabazi zuen, joan den asteburuan, Burlatan, Burlatako Torneo famatua. Mendizabal an­tzuolarra lagun zuela irabazi zien torneoa, Muguruza eta Galarragari, 22-16, partidu ikusgarria izan zena. Gorro­txategik partidu oso serioa jokatu zuen, eta Mendizabal izan zen tantoak eta partidua bukatzen asmatu zuena.

Ondo eutsi, eta txokoratu
Partidu serioa jokatu zuen Gorrotxategik. Galarraga kontrarioa nagusi zen peloteoan, eta eutsi beharra zegoen, kosta ahala kosta. Ondo asmatu zuen hernaniarrak horretan, eta gainera, pelota asko arrimatu zuen txokora. Hartara, Mendizabal aurrelariak aukerako pelota dezente izan zuen, eta era guztietara bukatu zituen tantoak. Men­di­zabalek pelota txar asko kendu zion atzelariari, eta deskantsu hori ondo hartu zuen Gorrotxa­tegik, soseguz jokatzeko.

Sei final, eta bi txapela
Aitor Gorrotxategik sei final jokatu ditu aurtengo denboral­dian, eta bi txapela lortu ditu. Euskal Herriko Txapel­ke­tan txapeldunorde ere izan da, eta eskutako lesio bati ere gai­na hartu dio, bi hilabete gel­dirik egon eta gero. Gus­tora da Gorrotxategi egindako lanarekin: «Txapelketa garrantzitsua zen hau, kontrario oso gogorrak nituelako. Bi txapela jaztea ederra da; pena bakarra, eskura izan ditudan gehiago ez ditudala irabazi». Esku­ta­ko minak ahaztuta, epe motzean, Zumaiako eta Lezoko torneoak ditu buruan, eta aurrerago, Gipuzkoako Txapelketa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!