35 urte bete dira aurten, Astigar kultur taldeak lehenengoz Santiomendin dantzatu zuela, eta oraindik ere arinak daudela erakutsi zuten atzo, San Roke egunean, Santiomendiko ermitan. Dantza egiteaz gain, azken bi urteetan festa antolatzen ere talde berbera aritzen da, eta jakin dute, itzaltzen ari zen egunari auspoa ematen. Horretarako errezeta: dantza, musika... eta 170 kg-ko betizua; bukatu arte jateko prestatua, apetiturik haundiena zeukatenentzat.
Asko izan ziren atzo Santiomendira inguratu zirenak, goiz pasa; eta asko, bertan bazkaltzen geratu zirenak ere: 170 lagun, hain justu. Urnietako Montefrio baserritik ekarritako betizua zuten plater nagusia, eta entsalada, gazta, eta sagardoarekin bultza zioten, bukatu arte. Ez zen gutxiagorako, mimo guztiz erre baitzuen Elorrioko Karlos Ibarrondo sukaldariak, hasi goizaldeko 01:30etan, eta arratsaldeko 14:00ak arte. Bazkalondoan, dantzan egin zuten dijestioa animatuenek, Alaiki musika taldearekin.