Ekaineko gaikako bilketaren maila %82,8ra iritsi da Hernanin, Udalak jakinarazi duenez. Atez Atekoa maiatzaren 9an hasi zen eta lehenengo aldiz hilabete osoko datuak eskaintzeko moduan da Udala. Herrian bildu ostean, hondakinak jasotzen dituzten erakundeek eman dituzte datu ofizialak, horien artean, Gipuzkoako Diputazioa, Sanmarko, Ecoembes, Ecovidrio eta Despanorsak.
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak hondakinen iraultzatzat jo du hernaniarrak egiten ari direna. «Jakin bagenekien Atez Atekoak emaitza onak ematen dituela, baina 20.000 biztanleko gure Hernanin horrelakorik gertatzea izugarria da. Arazo larria geneukan hondakinekin, baina Atez Atekoari esker eta hernaniarren erantzukizunari esker arazo hau bideratzen ari gara. Ekainean gaikako bilketa ia %83ra iritsita, hondakinen iraultza egiten ari gara Hernanin».
115.000 kilo organiko
Datu ofizial horien arabera, ekainean guztira, 115.000 kilo organiko bildu ziren eta kalitate haundiko konposta egiteko balio izan du. Paperari dagokionez, urtarrilean 75.400 kilo eta apirilean 71.200 kilo jasotzetik, ekainean 88.200 biltzera pasatu dira hernaniarrak. Ontzi arinen kasuan, 2009ko ekainean 24.500 kilo ontzi bildu ziren eta aurtengo ekainean, ia 39.000 kilo. Eta guztia birziklatzeko aproposa dela azaldu dute. Atez Atekoarekin, beirak ez duela ihesbiderik diote eta hori horrela, urtarrilean 40.000 kilo bildu baziren edota apirilean 47.000 kilo, Atez Atekoa hasi eta ekainean ia 78.000 kilo bildu direla. Errefusari dagokionez, berriz, urtarrilean hernaniarrek 632.000 kilo errefusa sortu zuten, eta ekainean 78.000.
Datuei erreparatuz, Alkateak garrantzi berezia eman dio errefusa gutxitzeari. «Herri eramangarriagoa egiteko gako nagusiena hondakinik ez sortzea da eta henaniarrek urtarrilean 600 tona baino gehiago sortzetik 78ra murriztu dute kopuru hori». Hernaniarrak txapela kentzeko moduko herritarrak direla iritzi du Alkateak.
«Gipuzkoako herri konpostatzaileena, Hernani»
Alkateak zorionak eman dizkie hernaniar guztiei eta bereziki autokonpostatzen ari diren familiei. «Gipuzkoako herri konpostatzaileena da Hernani, 600 familiatik gora ari dira egunero ikasgaia ematen gipuzkoar guztiei, etxetik bertatik arazoa konpontzen».
Horrez gain, ziurtatu du datuek erakusten dutela Atez Atekoa bideragarria dela, egingarria eta arrakastatsua. «Eta hau lehen urratsa da, hilero-hilero zerbitzua hobetzen saiatuko gara, Hernani osasuntsuago eta garbiago bat egiten».